«Mendi Festan 'slackline' ikuskizun bat egiteko asmoa genuen»
Andoni Ormazabalek (Urretxu, 1978) Mendi Festa antolatzen du urtero Xabi anaia zenaren omenez. Festa bertan behera gelditu da, baina beka arazorik gabe eman ahal izango dute.
Zer zenuten prestatuta aurtengo Mendi Festarako?
Festa bertan behera gelditu da, baina beka emateko ez dugu arazorik izango. Festari dagokionez, urte batean larunbatez izaten da hurrengoan ostiralez. Beka ematen den urtean ostiralez izaten da. Slackline ikuskizun bat egiteko asmoa genuen. Bi puntuen artean jartzen den nylonezko lokarri baten gainean oreka mantentzea datza. Haurrek probatzeko aukera eduki behar zuten eta punta-puntako kirolari batek sekulako ikuskizuna eskaini behar zuen, soka lurretik oso urruti jarrita. Azken urteetan eskaladari eman diogu protagonismoa eta aldatzeko gogoa genuen. Bestalde, gauean, slackline-ari buruzko ikus-entzunezkoak eman behar genituen eta bekara aurkeztutako proiektuak aurkeztu.
Urtero, ikusleen artean alpinista eta eskalatzaile ezagunak egoten dira.
Alberto Iñurrategi, Alex Txikon, Felipe Uriarte, Juan Vallejo, Mikel Zabalza… urtero etortzen dira. Nire anaiaren lagunak ziren eta nireak ere badira.
Gogorra izan al da bertan behera utzi behar izatea?
Bai. Dena lotua baitzegoen. Aurtengo ekitaldiak bi urte barru egingo dira: 2022an. Slackline ikuskizuna oso ikusgarria izango denez eta haurrei slackline-a egiteko aukera emango diegunez, larunbat batean egingo bagenu jende asko etorriko litzateke eta azpiegitura handiagoa beharko genuke. Datorren urterako ere ekitaldi garrantzitsu bat antolatu nahi dugu, baina oraindik ezin dut ezer aurreratu.
Beka Ander Zabalza eskalatzaile nafarrak irabazi du.
Bost proiektu aurkeztu dira. Zabalzak proiekzio handia du. Sekulako curriculuma du dagoeneko. Espainiako selekzioko kidea da. Bekara aurkeztu duen proiektua bi arrazoirengatik da berezia: estilo tradizionalean eta oso toki berezian egingo duelako. Bi tokitan eskalatu behar du: Loffoten irletan eta Eskozia iparraldeko Foula irlan, itsaslabarretan. 24 urteko gazte batek estilo tradizionalaren aldeko apustua egitea ez da batere arrunta, zailagoa baita. Bestalde, paraje ederretan eskalatu behar du.
Dirua ekitaldi publiko batean emango al diozue?
Ez. Mendi Festaren babesik gabe, oso ekitaldi hotza izango litzateke. Gainera, ekitaldi asko atzeratu dira eta egun gutxi egongo dira atzeratu diren ekitaldi guztiak egiteko. Bere proiektua gauzatzen duenean, Mendi Festara etorriko da eta egindakoaren berri emango du.
Noiz egingo du bidaia?
Beka eman ondoren, irabazleek urtebete dute beraien proiektua aurrera ateratzeko. Baina aurtengo egoera oso berezia denez, 2020a eta 2021a izango ditu. Gainera, derrigor udan egin beharra du: Artikotik gertu egongo da eta egun luzeak eta eguraldi ona behar ditu. Dena den, aukera badu, aurten egingo du.
Mendira joatea eta bidaiatzea dira zure zaletasun nagusiak. Nolakoa izan da zure konfinamendua?
Ondo joan da. Hirugarren umearen zain gaudenez, ondo etorri zaigu. Seme-alabek 5 eta 2 urte dituzte eta bikotea hilabeteko zortzigarren hilabetean dago. Egoera hori izanik, ondo etorri zaigu biok etxean egon beharra.
Zertan pasa duzue denbora?
Bi ume txikirekin, ez dago aspertzeko astirik. Goizetan lan pixka bat egin dut: pazienteei deitu eta zer moduz dauden galdetu, ariketak bidali… Teknologia berrietan aditua bilakatu naiz. Nagusiarekin etxeko lanak egin eta txikiarekin jolastu… Konturatzerako 20:00ak ziren.
Etxetik kanpo kirola egiten utzi zuten lehenengo egunean joango zinen mendira…
Noski. 06:15ean irten nintzen eta Irimoko zazpi puntak egin nituen.
Aurtengo uda lasai samarra izango da.
Bai. Aurten hemen inguruan ibiliko gara. Etxetik gertu dauden tokiak ezagutzeko baliatuko dugu. Atzo bertan ezagutzen ez nuen mendi batera joan nintzen: Gabiriako Murgil mendixkara. Oso toki polita da. Betikoa: kanpora joan ezin zarenean, etxekoari merezi duen balioa ematen diozu.
Fisioterapeuta zara lanbidez. Zer moduz moldatu zara?
Laneko kontua gogorragoa izan da. Paziente batzuk operatu berriak ziren eta horiei zerbitzurik ez eskaintzea gogorra izan da. Bestelakoan, ondo moldatu gara.