Oinezkoen Egunek jarraipena izango dute asteburuan, harrera ona ikusita
Ostalariak eta merkatariak laguntzeko egitasmoak harrera ona izan duela azaldu du Idiazabalgo Udalak. Asteburuan berriz itxiko dute Kale Nagusia.
Herriko merkatariei eta ostalariei laguntzeko asmoz, joan den asteburuan Oinezkoen Egunak egitasmoa jarri zuen martxan Idiazabalgo Udalak. Konfinamendua arintzeko neurrien 1. fasearen barruan hartu zuten erabakia, “oinezkoei lehentasuna eman eta aldi berean tabernariei terrazak jartzeko leku aproposagoa” eskaintzeko asmoz. Aste honetan, ekimenaren balorazioa egin du udalak, eta ostalari eta merkatarien aldetik harrera ona izan duela azaldu du. Hori dela eta, egitasmoarekin aurrera jarraitzea erabaki dute.
Asteburu honetan hasi, eta “tabernei ezartzen zaizkien murrizketa neurriak aldatu bitartean” ekimenarekin jarraitzeko asmoa agertu dute. Hala, ostiral arratsaldeko 17:00etatik igande gaueko 23:00ak arte, Kale Nagusia itxi egingo dute ibilgailuentzat, Ubitarte etxetik okindegi pareraino.
Asteburuko lehen saioan “espazio arazoak eta mahaietako pilaketak” izan zirela azaldu dute, eta horiek ekiditeko asmoz, mahai gehiago jartzeko aukera emango diete tabernariei.
Astean zehar, errail bat itxita
Asteburuko trafiko mozketaz gain, bihar hasi eta datozen astegunetan ere, Kale Nagusiko errail bat itxi egingo dute, Xume tabernaren parean. Pasatzeko lehentasuna duten autoak zein diren zehazteko seinaleak jarriko dituzte.
Aldaketa horiek direla eta, autobusaren geralekua ere tokiz aldatuko da asteburuetan, eta Kale Nagusia eta Zigor auzoaren arteko bidegurutzean jarriko dute.