«Atzo suziria jaurti zenean, pena pixka bat ere sentitu nuen»
Koronabirusagatik ezarritako alarma egoeran, Legorretako udalbatzak Azintzio jaiak bertan behera uztea erabaki zuen. Kalean ez da ospakizunik izango baina balkoietan festei keinu txiki bat egitea proposatu dute egunotan. Jai batzordean aritu da Olaia Eskitxabel.
Egoera normalean egongo bagina, zertan egongo zinen egun hauetan?
Atzotik hasi eta igandera arte, Legorretako Azintzio festetan murgilduta egongo nintzateke. Festetaz gozatzen, baina aldi berean, ekitaldiak hasi aurreko azken xehetasunak kontrolatzen.
Badakizu legorretarrak herriko jaiak ospatu gabe beste urteren batean gelditu ote zareten?
Nik dakidala behintzat ez. Baina, egia esan, ezin dut baieztatu.
Aurtengoa, historia liburuek jasoko dute ziur.
Bai, hala izango da. Dena den nahiago nuke etorkizunean historiak gertatzen ari den hau guztia gogoraraztea baino, festak normaltasunez ospatu ahal izan zirela kontatzea. Baina tira, gauzak horrela dira momentu honetan. Lagun artean ospatu nahiko nituzke aurtengoak ere, ederki pasatzen dugulako horrela herriko festetan. Herriko haurrak ere, pozez txoratzen hartzen dituzte Azintzioak: PlayBack-a dela, mozorroak direla…
Baina esandakoa, aurten keinu txiki bat egingo diegu festei, legorretarrentzat data bereziak direlako, baina festak kalean ospatzerik ez dugu izango.
Aurten nork bota behar zuen jaien hasierako suziria?
Ideia batzuk bagenituen mahai gainean, baina ez genuen gehiago zehaztu. Jai batzordearen lehen bilera baino ez genuen egin eta gai hori, hurrengo bileran zehaztekotan gelditu ginen. Baina martxoaren erdialdean Alarma Egoera ezarri zuten eta hortxe geratu zen guztia.
Zein da Azintzio jaietako zure egun, ekitaldi edo momentu gustukoena?
Urteak aurrera egin ahala, aldatzen joan da. Gaur gaurkoz, ostirala da gehien gustatzen zaidana. Kuadrillakoak elkartzen garen eguna delako. Gainontzeko egunetan ere elkar ikusi eta egoten gara, baina ostiralekoa, berezia izan ohi da, egun osoa elkarrekin pasatzen dugulako. Goizean kalera irten, pote batzuk hartu, kroketa batzuk jan eta ondoren, elkartean bazkaltzen dugu.
Arratsaldean berriz, tabernetan ibiltzen gara eta afaltzera elkartera joaten gara. Egun oso polita izaten da eta saiatu gara urteek aurrera eginda ere, egun osoko planari eusten.
Aurten, ezingo da horrelako planik egin, Alarma Egoeragatik bertan behera gelditu zirelako festak. Baina azken momentua, festei keinu bat egitea erabaki duzue. Zer komentatu duzue bileretan?
Festak bertan behera uzteko erabakia hartu zuen udalbatzak eta hortik aurrera, egunetik egunera aldakorra izan da. Zalantza asko izan ditugu festen inguruan.
Bilerak egin ditugu eta balkoi eta lehioetan ospatzeko egitarau bat presta zitekeela pentsatu genuen hasiera batean. Azintzio jaien datak errespetatuz, bost egunetako egitarau bat egitea planteatu zen, baina esandako moduan, etxeetako leihoetatik beti ere. PlayBack, mozorroen eguna eta beste batzuk, modu horretan egin zitezkeela uste genuen. Konfinamenduaren deseskalada hasi gabe zegoen oraindik eta bazuen zentzua horrela egiteak.
Baina fase aldaketa eman zenetik, guztia kolokan jartzen hasi ginen, prestatutakoak dagoeneko zentzu gehiegirik ez zuela pentsatu genuen.
Bestalde, balkoi eta leihoetatik harago, zer egin zitekeen pentsatzen hasi baina oso zaila da, ez dugulako hanka sartu nahi. Planteatu genituen hainbat ekintza, baina herritarrak kalera bultzatuko zituen beldur ginen. Guztiok dugu kalera atera eta lagunekin elkartzeko gogoa, eta gainera, gogo hori suspertzen badugu… Orain, ardurarekin jokatzeko unea dela uste dugu. Beraz, azkenean, keinu txiki bat izango da, egun bereziak direla gogorarazteko.
Ohiturari jarraituz, suziria, atzo bota zenuten, ezta?
Bai, egia esan, suziria jaurti zenean, pena pixka bat ere sentitu nuen. Une horretan, plaza bete egiten da eta giro oso polita izaten da.
Aurten, herritar guztiek Instagram bidez jarraitu ahal izan zuten zuzenean. Bestalde, leiho eta balkoiak apaintzeko deia egin dugu. Eta gainera, herritarrek konfinamenduan atera dituzten argazkiekin osatutako ikus-entzunezko bat zabaldu genuen. Herritarren 200dik gora argazkik osatzen zuten. Ikus-entzunezko horri hainbat herritarrek jarri diote ahotsa, eta horren bueltan, lehiaketa bat egingo dugu. Herritarrak gonbidatu nahi ditugu, bideo horretan agertzen diren herritarren ahotsak identifikatzera. Sariak ere izango dira, herriko produktuez osatutako bi saski eder.
Larunbaterako ere antolatu duzue zerbait.
Bai, larunbatean, aipatu dudan ikus-entzunezkoaren abestia kantatzera aterako gara leiho eta balkoietara. 21:00etan izango da hori. Jai batzordetik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera.
Zein da egun hauetarako herritarrei egiten diezuen deia?
Ba, tristura handiarekin, baina aurten ez direla Azintzio festak ospatuko. Dena den, data garrantzitsuak direnez, keinu txiki bat egingo diegula. Eta oraintxe dituzten festarako gogo horiek gordetzeko.
Datorren urtera arte itxaron beharko da?
Printzipioz ez dago ezer deskartatuta,egoera hobera doala dirudi, baina oraindik goiz da ezer esateko.