Berriz ere gure azoka martxan
Udaberriko jakiak eta jantziak Ordiziako erdigunean jarri dituzte azkeneko azokan. Ilara luzeak landareak izan dira, loreak eta udaberriko zizak erosteko.
Goizeko produktu izarrak izan ziren, landareak, loreak eta udaberriko zizak. Garai bete betean izanik ere, orain arte ezin izan du jendeak nahi zuen tokira mugitu. Atzo Gipuzkoako herri askotatik etorritako jendea ikusi zen berriz ere eta aspaldiko partez ferian. «Ez da nahikoa herriko jendea azoka honek duen salmenta kopuruari eusteko». Saltzaileek eta antolatzaileek ederki asko dakite hori. Herritarrak ez ezik, Eibartik, Zizurkildik, Abaltzisketatik, Amezketatik… etorritakoek bizitu zuten feria. Erleen nazioarteko egunean jendea erlearen pare ibili zen. Produktu salduenak ondorengoak izan ziren: batetik, tomate, piper, kuiatxo, uraza, luzoker landareak; bestetik, geranioa, huntza, petunia, surfinia; eta azkenik, udaberriko zizak.
Batzuei Lasaren postua aurkitzea kosta bazitzaien ere (Goen plazan), lehen txandako ziza guztiak saldu (100 bat kilo) eta gehiago ekarri behar izan zuten. «Ezin asmatu jendearen joera», zioen Miren Pagolak. Garai honetan 400 kilo inguruz hitz egiten aritzea ez da arraroa baina egoera honetan asmatzea zaila da. Hemengo barazki eta frutetan erremolatxa berria hasi da, 2 euro sorta. Azkenik ekarritakoetan marrubia, gerezia, tomatea, patata berria eta ia pixkanaka badoazen ilarra eta baba estimatuenak.
Nahikoa buru hauste ematen ari zaie postuz postuko kokagunea antolatzeei. «Denen gustua behin ere ez dugula egingo badakigu», adierazi ziguten udaletxeko eta D’elikatuzeko ordezkariek baina, kritikak kritika, ahalegin faltagatik behintzat ez da izango. Asteazkenero geroz eta postu gehiago jartzen dira. Bete beharreko distantziak eta gainerako baldintzak kontuan hartuta,70 posturi tokia egitea beste hainbat herrietako azoketan baina askoz lan zailagoa gertatzen ari da Ordizian. Atzo holaxe kokatuak ziren: baserritarrak, landare eta lore saltzaileak Plaza Nagusian; Barrena Jauregi pareko Nikolas Lekuona plazan fruitu lehor, pasta eta oliba saltzaileak; Goen plazan bost postu: ohiko lekuan Lezo bakailao saltzailea, Lasa, Etxabe, Uliako labea eta Atienza.
Bestalde jantziak eta osagarriak Beti Alai kanpoko frontoi txikian eta estatua ondoan jarri zituzten. Eguraldia lagun, jakiak eta jantziak ikusita, atzo bai, azoka udaberriz jantzi zela esan daiteke.