Eitza Challenge erronka egingo dute etzi auzoko krosa ordezkatzeko
Aurten bertan behera gelditu diren kirol probetako bat da Eitzako jaietako krosa. Haren ordez, banakako lasterketak egin eta sare sozialetan elkarbanatzeko deia egin dute.
Itxialdiaren ostean herritarrek mugitzeko behar handiagoa sentitzen dute eta bideak kirolariz josita daude. Halere, lasterketarik oraindik ezin da egin. Eitzako Krossa da bertan behera gelditu den probetako bat, baina egoera irauli dute eta Eitza Challenge erronka sortu dute etzirako.06:00etan hasi eta 23:00k arte, nahi duen orok hartu dezake parte, munduko edozein txokotatik. Korrika, oinez edo bizikletan txango bat egin eta osatutako ibilbidea sare sozialetan elkarbanatu behar da #EitzaChallenge traolarekin eta @EitzakoJaiak festa batzordea izendatuta. Sare sozialik izan ezean eitzakojaiak@gmail.com helbidera ere bidali daiteke. Helburua 20.205 kilometro osatzea da.
Arauak errespetatu
Eitzako Jai Batzordeak erronkan tentuz parte hartzeko eskatu du, betiere zentzuarekin eta arauak errespetatuz. Hau da, kirola banaka egin, bakoitzak bere ordutegian eta bere eremuan.