Itzuliko al dira barrakak udan?
Festetako ezinbesteko osagaiak diren barrakak aurten ez dituzte zapaldu oraindik haurrek. Udan lanean hasten ez badira, denboraldia galdutzat emango du sektoreko enpresek. Kalte ekonomiko handia izango dute.
Lazkaokoak izan ziren lehenak, Legazpikoak gero… ondoren beste herri askotako festa nagusiak atzeratu edo bertan behera utzi zituzten, tartean Iruñeko San Ferminak eta Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaiak. Herritarren artean atsekabe handia eragin dute udalek koronabirusaren ondorioz hartutako erabaki horiek, baina are atsekabetuago daude jai horiek urteko diru iturri nagusitzat dituztenak.
Herrietako festak hastearekin bat hasten da tiro kaseten, txurro saltzaileen edo haur eta gazteen atrakzioen lan denboraldi nagusia, baina aurten ez da festarik momentuz, eta udan ere ez direla izango aurreikusten da. Jaietako barraken inguruan bizimodua ateratzen duten Goierriko hiru enpresarik egoera honi nola egin dioten aurre azaldu dute.
Txurroak eta izozkiak
Oscar Martinez Baratak duela urte batzuk utzi zuen Irun Legazpira bizitzera etortzeko. Neguan eliza ondoan txurro postua jartzen du, eta uda garaian zezen mekanikoarekin ibiltzen da festarik festa, Legazpin bertan eta Beasainen, besteak beste.
Aurten, koronabirusa dela eta, egutegi osoa hankaz gora jarri zaio. Legazpin urrian hasi eta martxora arte egoten da txurroak saltzen famatuak dira ostegunetako txurro poteak, baina udan festarik izango ez denez, denboraldia uztailera edo abuztura arte luzatzea lortu du.
Zorteduna dela dio Martinezek,«txurro denda izango ez banu, gosez hilko nintzateke». Bi hilabetez ezin izan du postua ireki, baina denbora hori ondo aprobetxatu eta saltokia egoera berrira egokitu du, ez bakarrik segurtasun manparak edo babesak jarrita, baita negozio lerroa zabalduta ere: «Orain izozkiak eta izotz edariak ere saltzen ditut». Duela bi aste ireki zuen berriz ere denda, eta oso gustura dago legazpiarrek egin dioten harrerarekin.
Atrakzioak, pabilioietan
Legazpin bizi da, baita ere, Sanz Atrakzioak enpresako Juan Pablo Sanz, nahiz eta egoitza nagusia Altsasun duten. Bertan dituzten pabilioietan daude geldirik jolas eta atrakzio guztiak, eta lantegian dago geldirik denboraldi honetarako enkargatuta zuten uretako puzgarri atrakzio berria.
Sanzek azaldu duenez, «Alarma Egoera hasi baino aste bete lehenago hasi ziren haur parkeen kontratazioak bertan behera uzten». Festetako barrakei dagokienez, denboraldia hasteko paradarik ez dutela izan esan du, «Zumaia, Legazpi, Azpeitiko Sanjuandegi… galdu ditugu, eta badirudi uztaila igaro arte ezin izango dugula hasi herriko festetan». Hori gertatzen denerako dena prest dute Sanzekoek, maskarak, gelak, hesiak… Uztailean hasten ez badira, urrira arte ez direla itzuliko uste du eta hori denboraldi osoa galtzea da negozioaren adar honetarako. Haur parkeekin Gabonetako kanpaina egingo dutelakoan dago.
Bestalde, kexu da sektore honi buruzko argibide zehatzik ez dutelako inondik jasotzen, ez Espainiako Gobernutik ezta Eusko Jaurlaritzatik ere. Horren aurrean, eta datozen asteei eta hilabetei begira, «gure proposamena helaraziko diegu Ordiziako, Azpeitiko eta Zarauzko udalei». Haurrentzako atrakzioak eta parkeak dituzte momentuz buruan, «haurrak gurasoekin joaten direlako eta atrakzio batera sartzeko segurtasun neurriak beteko dituztela badakigulako; gaztetxoekin ez dugu hain ziur hori».
Sektore honetako enpresa guztiek jarduera etenda dute, eta ondorioz diru sarrerarik ez dute, baina Sanzek salatzen duenez, «zergak ordaintzen jarraitu behar dugu, ibilgailuenak, pabilioienak… Arazoa handia da!». Eta langileena erantsi behar zaio. Etxekoak kenduta, urte osorako langileak ere kontratatzen dituztela azaldu du Sanzek, eta udako zein Gabonetako kanpainetarako gazte asko ere bai. Kontratu horietako gehienak oraindik egiteko zituztela eta, alde horretatik ondo atera dira enpresa honetan, hori bai, langile horiek denboraldi honetarako lanik gabe geratu dira momentuz
Denboraldia galduta
Hugo eta Eusebio Atrakzioak, berriz, Urretxukoa da, eta haurrentzako barrakak dituzte batez ere: zaldiko-maldikoa, txikiparkea, ohe elastikoa, lapiko txikia, Barredora Wipe Out, puzgarriak… Sektorean 40 urtetik gora daramatzaten Joaquin Batistaren eta Maria Alvesen hiru semeek sortutako enpresa da, eta gainerakoak bezala, herrietan jairik ez dagoenez, geldirik dago iazko urritik.
Geldialdi hau enpresarentzako momentu txarrean iritsi dela dio Eusebio Alvesek, denboraldi honetarako atrakzio berri bat zutelako enkargatuta, lapiko handia; «hori erosteko bankuarekin mailegua sinatu genuen otsailean, eta handik gutxira gertatu da hau». Orain ez dute amaitzeko presarik, ez dakitelako noiz estreinatu ahal izango duten.
Gipuzkoan zehar ibiltzen dira batez ere Alvestarrak, Legorretan, Ordizian, Zaldibian, Beasainen, Ataunen, Urretxun, Zumarragan… apiriletik urrira bitatean. «Aurten ez dakigu noiz hasiko dugun denboraldia, ezta hasiko dugun ere, eta urritik ia geldirik gaude». Gabonetako par- keekin lan pixka bat egiten dutela dio Alvesek, baina harrezkero diru sarrerarik ez dutela izan. Gastuak, ordea, bai, izan dituzte, eta maileguaz gain, hasi ez den denboraldiari aurre egiteko aseguruak,ikuskapen teknikoak… ordaindu behar izan dituzte, eta diru hori ez dutela berreskuratuko iruditzen zaio Alvesi.
Festak ez badira hasten, denboraldia galdutzat emango dute, eta horrek esan nahi du urte eta erdian diru sarrerarik gabe egongo direla, urritik datorren urteko apirilera arte. Sanzek bezala, Alvesek ere sektorea baztertuta dagoela uste du, eta autonomei zuzendutako laguntzak kenduta, bestelakorik ez dutela dio.