Nahasmendua itxialdia arintzeko neurrien inguruan
Espainiako Gobernuak 5.000 eta 10.000 biztanle arteko herrientzat irteteko ordutegiak kenduko zuela iragarri arren, neurria ez da oraindik argitaratu, eta horrek nahasmena sortu du Lazkaon, Legazpin, Urretxun eta Zumarragan.
Erabateko nahas-mahasa eragin du 10.000 biztanletik beherako udalerrietan 1. faseko arauak arintzeko Espainiako Gobernuak iragarritako neurri sortak. Iragarri bai (igandean), baina BOE aldizkari ofizialean argitaratu ez direnez (atzo arte), indarrean ez dira sartu. Hala, herritar asko ustekabean eta konfiantzan harrapatu ditu deskoordinazio horrek. Kirola egitera edo ibiltzera irteteko ordutegiak bertan behera utzita zeudela uste zuten askok, astelehenetik. Baina ez da hala, arauak publikatu artean.
Ertzainek eta udaltzainek betearazpen lan gehiago egin behar izan dute, lekuz edo garaiz kanpo zebiltzan herritarren harridurarako. Zumarragan, Legazpin, Urretxun eta Lazkaon izan da desorientazioa, besteei ez baitie eragingo.