Zumarragako ospitalean jada ez dago koronabirusa duen gaixorik
Osasun Sailak gaur emandako datuen arabera, aste betean kasu bakarra agertu da Goierri osoan; bakar bat ere ez azken lau egunetan. Ospitalean koronabirusagatik zaintzapean zegoen azken gaixoari asteartean eman zioten sendagiria.
Zumarragako ospitalean ez dago koronabirusa duen gaixorik. Gelditzen zen bakarrari, asteartean eman zioten alta. Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak martxoaren 15etik gaurdainoko datuak eman ditu. Martxoaren 15ean lau gaixo zeuden ospitalean zaintzapean, eta pixkanaka, kopuruak gora egin zuen. Egunik okerrenak martxoaren 31tik apirilaren 13a bitartekoak izan ziren; apirilaren 7an 21 gaixo zeuden ingresatuta. Apirilaren 26tik aurrera gaixoen kopuruak etengabe egin du behera.
Goierrin koronabirus kasu bakarra atzeman dute, joan den astean, Osasun Sailak herrikako datuak emateari utzi zionetik. Urretxun agertu zen kasu hura, hilaren 16an, eta harrezkero ez da positibo kasu berririk agertu, beti ere, Osasun Sailak gaur emandako datu berrien arabera. Goierrin, horrenbestez, 309 lirateke krisia hasi zenetik agertutako kasuak.