Udalak festetan arduraz eta gizalegez jokatzeko eskatu du
Beasaindarren jarrera zuzena eta txalotzekoa izan da udalaren esanetan, eta festetan ere hala izatea espero dute
Beasaingo Udalak orain arte erakutsitako ardura eta gizalegea mantentzeko eskatu du festetan. «Jendea jai gogoz dago. Horren aurrean, udalak orain arte lortutakoari tinko eusteko mezua zabaldu nahi du. Alarma egoerak bere horretan jarraitzen du eta udalaz gain ezarritako aginduak indarrean jarraitzen dute» azpimarratu dute. «Guztion ardura da arauak betetzea. Denon esku dago alarma egoera honetatik irtetzeko bidean aurrera egitea».
Alarma egoeran beasaindarrek erakutsitako jarrera «zuzena eta txalotzekoa» izan dela azpimarratu dute eta festen aitzakian joera ez aldatzea espero dute. «Udalak gogorarazten du jende pilaketak saihestu behar direla eta arauek diotena jarraituz, 23:00etarako herritarrak etxean egon behar dugula». Halaber, orduz kanpo etxebizitzetan neurrigabeko zarata eta soinurik ez egitea eskatzen dute, «konfinamendu egoera honetan gehien sufritzen ari direnei begirunea izatea giza legez jokatzea bait da».
Pilaketarik sortu gabe festen harira antolatutako ekintzetan parte hartzeko erarik egokiena telematikoki egitea da. Udalaren webguneko agendatik sar daiteke ekintza guztietara. Adin desberdinetako jendeari luzatutako ekintzak antolatu dituzte. Esaterako, kontzertuak eta haurrentzako tailerrak eta jolasak.
Beasaindarren nortasuna azaleratzeko herriko armarria daramaten banderolak salduko dituzte bihar udaletxeko arkupeetan, 13:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 19:00etara. Bost eurotan salduko dira. Jasotako diruaren zati bat Bareak merkatarien eta ostalarien elkartera bideratuko da. Udaletxeko balkoia ohiko legez apainduko da.