Astelehenean neurri berriak sartuko dira indarrean
Goierri bigarren fasean sartuko da maiatzaren 25ean. Etxean biltzeko aukera egongo izango da, gehienez ere hamabost pertsona. Elkarte gastronomikoek ere irekitzeko aukera izango dute, ostalaritzako baldintzetan.
Astelehenetik aurrera konfinamendua arintzeko bigarren fasean sartuko da Goierri. Okerrik ezean, ekainaren 8an igaroko litzateke hirugarren eta azken fasera; malgutzearena.
Neurri berrien arabera, zer egin daiteke eta zer ez?
Ordutegiak eta mugikortasuna
Paseatzeko eta kirola egiteko ez da ordu mugarik egongo. Muga bakarra, 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 artekoa izango da, ordutegi horretan 70 urtetik gorakoak baino ezingo baitira irten paseatzera edo ariketa fisikoa egitera. Hain zuzen, kirola egiteko aukera izango dute 70 urtetik beherakoek 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara izan ezik. Umeek ere aukera izango dute kalera ateratzeko ordubete baino gehiagoan. Etxean biltzeko aukera egongo dela ere iragarri du Arantxa Tapiak, gehienez ere hamabost pertsona. Horiek familiakoak nahiz lagunak izan daitezke.
Herrialdetik ateratzea posible da?
Probintzien arteko mugikortasunak mugatuta jarraituko du, eta adineko senideei bisitak egiteko, arrazoi sozioekonomikoengatik eta lan arrazoiengatik baimenduta egongo da probintzien artean mugitzea, baina ez aisialdirako.
Taberna eta elkarteak
Tabernek kanpoan eta barruan zerbitzua emateko aukera izango dute, gehienez %50eko edukierarekin, mahaien artean bi metroko tartearekin eta guztiak eserita. 400 metro karratu baino gehiagoko zentro komertzialak irekiko dituzte. Elkarte gastronomikoek ere irekitzeko aukera ere izango dute, ostalaritzako baldintzetan.
Horrez gain, hamabost lagunerainoko bilerak baimenduta egongo dira, baita etxeetan ere.
Hezkuntza
Hezkuntzari dagokionez, datorren astelehenetik hezkuntza eta formakuntza berriro hasiko dela esan du Tapiak. Hain zuzen, indarrean sartuko da Hezkuntza sailburuaren 2020ko maiatzaren 23ko Agindua, unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko aurrez aurreko jarduerak berriz hastea eta ikasketa jakin batzuetan sartzeko azterketak eta probak egitea arautzen duena. Agindu horrek jasotzen du maiatzaren 25etik aurrera, aurrez aurreko irakaskuntzari eta hezkuntza jarduerari berrekitea eta azterketak egitea DBH4an edo helduen hezkuntzako baliokidean, Batxilergoko lehen eta bigarren mailetan eta Lanbide Heziketako lehen eta bigarren maila guztietan.
Gainera, zehazten du ekaineko lehen astean gainerako ziklo eta mailetako irakasleak eta irakasle ez diren langileak berriro lanean hastea, ikastetxeetan hezkuntza jarduera egiteko
Adinekoen bisita
Adinekoen zentroetara bisitan joaten hasi ahalko da. Adineko bakoitzeko senide bakarra joan ahalko da, aurretik txanda hartuta, eta salbuespen egoeretan soilik; adibidez, hiltzeko arriskuan daudenen kasuan.
Beilatokietan, berriz, 25 pertsona elkartzeko modua egongo da leku irekietan, eta hamabost itxietan. Gurtza lekuetan %50erainoko edukiera baimendu da —%30 artekoa da 1. fasean—, eta ezkontzak ere egin ahalko dira, gehienez ehun pertsonakoak.
Hondartzetan zer egin daiteke?
Lehen fasean hondartzetara paseatzera joatea soilik zegoen baimenduta. Bigarren fasean legezkoa izango da geldirik eguzkia hartzea edo itsasoan bainatzea. Igerilekuak ere ireki ahalko dira, edukiera herenera mugatuta.
Zinera edo museora joan daiteke?
Kulturaz eta aisialdia gozatzeko aukera pixka bat zabalagoa izango da astelehenetik aurrera. Museoetan %50era arteko edukiera egongo da baimenduta, eta heren bateko edukiera izango dute, kultur etxeek, antzokiek eta zinenek, 50 pertsonako mugarekin.
Merkataritza zentroak zabalduko dituzte?
Bai, baina hainbat mugarekin. Gune amankomunen edukiera gehienez ere %30 izango da, eta ezingo da leku horietan itxaroten egon. Gainontzeko komertzioetan lehen faseko araudi bera mantenduko da.
Hotelak ireki daitezke?
Lehen fasean ere bazuten baimena, baina gehienek ez dute ireki; kontuan izan behar da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan herriz herri mugitzeko debekua indarrean egon dela duela gutxi arte. Orain, debeku hori eta beste muga batzuk kenduta, litekeena da hotel batzuk irekitzea. Besteak beste, aurrerantzean legezkoa izango da hoteletako gune komunak irekitzea; adibidez, jangela.
Turismoarekin lotuta, taldekako turismo aktiboa egin ahal izango da, gehienez, 20 laguneko taldeetan.