Maddi Imaz Beasaingo EH Bilduko zinegotziak kargua uztea erabaki du, atzoko Zaldizurretako gertaeraren harira
"Bihotzez eskatzen dut atzo gertatutakoa talde politikoari ez atxikitzea, atzokoak nire pertsonaren arduragabekeriak izan baitziren. Hori horrela izanik, eta honek guztiak sortu duen oihartzuna eta kaltea kontuan izanda, kargua uztea erabaki dut. Barkamena eskatu nahi dizuet Beasaingo herriari".
Maddi Imaz Beasaingo EH Bilduko zinegotziak oharra bidali du, atzo Zaldizurreta plazako Mari Jaitsieraren irudikatzearen gertaeren harira. “Arduragabekeriaz jokatu nuen eta hau ez dator bat EH Bilduk orain arte izan duen jardunarekin pandemia honetan. EH Bilduren jarreraren inguruan, modu egokian ari direla esan beharra daukat, beraz bihotzez eskatzen dut atzo gertatutakoa talde politikoari ez atxikitzea, atzokoak nire pertsonaren arduragabekeriak izan baitziren. Hori horrela izanik, eta honek guztiak sortu duen oihartzuna eta kaltea kontuan izanda, kargua uztea erabaki dut. Barkamena eskatu nahi dizuet Beasaingo herriari”.
Beasaingo EH Bilduk prentsa ohar bidez adierazi berri du, “bart gauean gure herrian gertatutakoa ezin daitekeela errepikatu”: “Arduraz jokatzea beti da ezinbestekoa, baina are gehiago Covid19a dela-eta bizi dugun egoeran eta, beraz, gure taldeko zinegotzi batek bertan parte hartu izana ez da onargarria. Horregatik ontzat ematen dugu bere dimisioa. Beste behin ere, Beasaingo herritarrei arduraz jokatzeko deia luzatu nahi diegu”.
Atzo, Beasaingo Zaldizurreta plazan hainbat gaztek Mariren Jaitsiera irudikatzeko egindakoak zer esan handia eman du, eta kritika ugari sortu ditu sare sozialetan eta komunikabideetan, koronabirusak eragindako Alarma Egoerako segurtasun neurriak bete ez zituztelako.
Udaleko Bozeramaleen Batzordea biltzekoa zen 13:00etan.