Txistu doinuak inoiz baino ozenago
Atzo Mariren bisita izan zuten Beasaingo hainbat auzotako balkoietan. Zaldizurretan hainbat gaztek egindako Mariren Jaitsiera inprobisatuak kritika ugari jaso ditu. Beasaingo Udalak "erantzukizunez, errespetuz eta egoerak eskatzen duen tamainan" jokatzea eskatu die herritarrei.
Beasaingo Loinatz jaiak bertan behera geratu badira ere, beasaindarrek irudimena eta festarako gogoa agertu dute. Koronabirusak baldintzatutako festatxoak ari dira egiten, auzoetako balkoietan. Horren erakusle da, atzo gauean, Mariren bisita ere izan zen hainbat auzotan. Bista Alai, Igartetxe eta Martina Maiz kalean pregoia bota zuen gainera Marik. Loinatz Abesbatzak, Aurtzaka dantza taldeak, txalapartariek, Antzerki taldeko Anita Alonsok eta Arrano kultur elkarteak elkarlanean egindako bideoa ere zabaldu dute.
Hainbat gazte, berriz, Zaldizurretako plazan elkartu ziren 22:30ean, Mariren jaitsiera irudikatzeko dantza, irrintzi eta kantuan. Azkeneko ekitaldi horrek, kritika ugari jaso ditu, segurtasun neurriak bete ez zituztelako.
Txistulariak eta joaldunak
Eta gaur goizean, Goizeresi txistulari elkarteko txistularien doinuak eta Zanpaldunak joaldun taldearen joale hotsak inoiz baino ozenago entzun ahal izan dira Beasaingo kaleetan. Paseorako eta kirola egiteko dagoen ordu tartea aprobetxatuz, kalez kale ibili dira txistulariak eta joaldunak.
Erantzukizunez eta arduraz jokatzeko deia
Beasaingo Udalak egun hauetan herritarrek “erantzukizunez, errespetuz eta egoerak eskatzen duen tamainan erantzungo” duela espero du. “Jakina da duela hilabete koronabirusak behartuta Loinatz jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu zuela udalak. Orain, eta kalera irteteko baimena murritza den arren, jai gogoz dago jendea. Horren aurrean, Udalak orain arte lortutakoari tinko eusteko mezua zabaldu nahi du. Alarma egoerak bere horretan jarraitzen du eta Udalaz gain ezarritako aginduak indarrean jarraitzen dute. Horregatik, guztion ardura da arauak betetzea. Denon esku dago alarma egoera honetatik irteteko bidean aurrera egitea”.
Hori horrela, “datozen egunetan eta asteburuan bereziki sor litezken egoerei aurrea hartuta, udalak gogorarazten du jende pilaketak saihestu behar direla eta arauek diotena jarraituz, gaueko 23:00etarako herritarrak etxean egon behar dugula”.