Astebete kasu berririk gabe Goierrin, eta egun bat Euskal Herri osoan
Goierrin dagoeneko astebete bada positibo kasurik agertu ez dela. Egoitzetan ere bi aste daramazte kasurik gabe. Euskal Herri osoan koronabirusagatik hildakorik ez dagoen aurreneko eguna izan zen atzo, krisialdia hasi zenetik.
Koronabirusaren krisia hasi zenetik aurreneko aldiz, Euskal Herri osoan koronabirusagatik hildakorik ez dagoen aurreneko eguna atzokoa. Horri datu baikor gehiago gehitu behar zaizkio. Izan ere, Goierrin dagoeneko zortzi egun pasa dira kasu berririk atzeman gabe. Azkenekoa hilaren 16an agertu zen, Urretxun. Zumarragako Ospitalean ere ez dago Covid-19agatik ingresatutako inor.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, badira bi aste adinekoen egoitzetan kasu bakar bat ere ez dagoena.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoak konfinamendua arintzeko 2. fasean sartu dira gaur, eta neurri berriak sartuko dira indarrean.