Kontsumo ohitura jasangarria bultzatzeko, berrerabiltzea indartuko dute Ataunen
Otsotarrak elkarteak 'Otsotruk' ekimena abiarazi du, eta objektuak trukatzeko edo saltzeko taldea sortu dute.
Ataungo Otsotarrak elkarteak berrerabilpena sustatzeko Otsotruk izeneko WhatsApp taldea sortu du. “Gizartean barneraturik daukagun gehiegizko kontsumo ohituren aurrean, berrerabilpenari bide ematea” da ekimenaren helburua, kontsumo ohitura jasangarrien alde egitea.
Hainbat arau ezarri dituzte talderako:
– Truke edo salmentarekin erlazionaturiko edukiak soilik partekatuko dira, eta ez da bestelako mezurik onartuko.
– Erabiltzen ez den tresna edo artikulurik izanez gero, argazkia bidali behar da, eta mezuan bertan salneurria eta aipamena jarri. Baita doan denean ere.
– Artikulu hori interesatzen zaionak bere nahia taldean adierazi beharko du, eta erantzuten lehena izango da artikulua eramango duena.
– Adostasunera iritsi ostean, bi aldeek mezu pertsonalen bidez zehaztuko dute non eta noiz egin trukea.
– Artikuluren bat behar izanez gero eta norbaitek etxean eduki dezakeela uste izanez gero, galde daiteke taldean.
Taldean parte hartzeko, honako bidea jarri dute:WhatsAppez izena bidali 679 78 24 69 edo 610 33 87 58 zenbakietara.