Altamirako pista berritua ekainaren amaierarako prest egongo da
Bost aste iraungo dute lanek, eta 278.975,10 euroko aurrekontua dute. Pistaren kolorea urdina izango da. Jose Antonio Peñaren omenezko mitina bertan behera geratu da
Iragan astean hasi zituzten Altamira estadioko atletismo pista berritzeko lanak. Opsa, Obras Y Pavimentos Especiales S A. enpresa ari da berriztatze lanak egiten eta 278.975,10 eurokoa da lanen aurrekontua, BEZ gabe (337.559,87 euro BEZa barne). Jon Ander Caballero udaleko kirol zinegotziak esan du, «bost aste» iraungo dutela lanek, eta «ekain amaierarako bukatuta» egongo direla. Zinegotziak gehitu du lan guztiak amaitzen dituztenean, «Gipuzkoan dauden kirol azpiegitura onenetarikoak izango dituela Ordiziak».
Ordiziako Udalak «lanketa sakona» egin du Altamira estadioko atletismo pista berritzen hasi baino lehen. Caballerok esan duenez, «zein pista den egokiena aztertu» dute ezertan hasi aurretik. «In-situ sistema erabiliko dute, hau da, pista lisatu, material berria jarri eta azkenik margotu egingo dute». Orain arteko «gorri kolorea desagertu eta urdin kolorea» izango du pista berriak.
Koloreaz gain beste aldaketa nabarmen batzuk ere izango ditu. Batetik, estalpea jarriko diote, «Txindoki atletismo taldeak aspalditik egindako eskaerari erantzunez, euria egiten duenean babestu ahal izateko». 45 metroko eremu estalia izango du eta 2-3 kale hartuko ditu. Harmailetik aterako da estalpea.
Beste berrikuntza bat, «pistako azken kalean jarriko den kanpoko eraztuna da». Caballerok argitu du, «belar artifizialarekin egingo» dutela. Espazio horrek, «korrikalariek entrenamendu osoak egiteko balioko du». Horrez gain, luzera jauziko egungo korridoreetako bat pisu gunetik beste leku batera aldatuko da.
Federatuentzat gimnasioa
Pistan egingo dituzte berrikuntza lanez gain, bada besterik ere. Caballerok aurreratu du, «Majoriko eremuan bertan eta pistaren nibelean, federatuentzat gimnasioa egokituko» dutela: «Makinak zeuden aretoan izango da». Handik, pistara aterako dira zuzenean.
Peña saria, aurten ere ez
Uztailaren hasieran jokatu ohi da Jose Antonio Peñaren omenezko atletismo mitina. Maila goreneko atletismoaz gozatzeko hitzordua da, Euskal Herriko eta inguruetako atleta onentsuenak ere biltzen baititu. Aurtengo mitina jokatu ahal izan zedin, pistako lanak amaitzeko konpromisoa hartu zuen udalak probaren antolakuntzaren ardura duen Txindoki Atletismo taldearekin.
Baina, azkenean, ez dira pistako lanak izango oztopo. Koronabirusaren osasun krisiak eraginda, Peñaren omenezkoa bertan behera uztea erabaki zuten.
Udaleko kirol zinegotziak esan duenez, «udazkenera atzeratzea baloratzen» ari dira, «nahiz eta oraindik goiz den ezer baieztatzeko».