Hauek ere txaloak merezi dituzte
Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek ez diote lan egiteari utzi koronabirusak eragindako alarma egoeran, gaixotasun horrekin kutsatzeko arrisku talde handienarekin jardun arren.
Medikuak, erizainak, laguntzaileak… osasun langileak dira denak eta koronabirusaren aurka egindako lanagatik txalotuak izan dira asteetan zehar, beste hainbat sektoretakoak bezala. Baina gaixotasun horren hedapenaren aurka lehen lerroan jardun dute baita ere etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duten langileek, eta gutxi edo oso gutxi hitz egin da horietaz.
Alarma egoera ezarri zenetik jarduna eten ez duen sektorea da etxez etxeko laguntzarena, baina langileek segurtasun protokoloei estu jarraitu behar izan diete, zerbitzuaren hartzaileek arrisku taldekoak direlako, pertsona adinduak batez ere.
Legazpin Eulen enpresak ematen du zerbitzua udalak kontratatuta, eta Maria Dolores Alustiza erabiltzaileak eta Gurutze Aizpitarte langileak nola moldatu diren azaldu dute, Maite Lonbide Gizarte gaietako zinegotziak lagunduta.
Gaixotasunak kezkatuta
Maria Dolores Alustizak 88 urte ditu eta etxean dago, irten gabe, martxoaren erditik. Egun hauetan iloba bat maiz joaten zaio bisitan, eta astelehenetik ostiralera, egunean bi orduz etxez etxeko laguntza zerbitzua emateko, Gurutze Aizpitarte ere joaten da bere etxera. «Badaramazkit 60 egunetik gora etxean sartuta, eta ez daukat irteteko presarik, etsipenez hartu dut» dio Alustizak. Hezurretatik kexu da, eta aurretik ez zela asko irtetekoa dio, «bankura, enkarguak egitera, medikuarengana… Gurutzek lagunduta». Orain, etxeko terrazarekin handiarekin nahikoa du.
Koronabirusaren inguruko albisteak gertutik jarraitzen ditu Alustizak, munduan gertatzen ari dena «izugarria» dela dio, eta birusa desagertzeko eskatuz asko errezatzen duela. Bera gaixotuko den beldurrez ez, baizik eta «kezkatuta» egon dela aitortu du, «baina ez dut izan eztulik edo sukarrik eta Gurutzek oso ondo zaindu nau». Etxea eta arropa garbitzea, sukaldatzea… dira egiten dizkion lanetako batzuk, baina garrantzitsuenak arreta pertsonalekoak dira,baita konpainia eta beste lan txiki batzuk ere: «Segurako egoitzan daukadan ahizparekin telefonoz hitz egiten ere laguntzen dit».
Gurutze Aizpitarte duela sei urte hasi zen Alustiza laguntzen, baina etxean bi ahizpak bizi zirela hasi ziren zerbitzua jasotzen. Orduan astean bi egunetan bakarrik joaten zen langilea, egunean bi ordu.
Zerbitzua eten gabe
Aizpitartek ez du utzi Alustizaren etxera joateari koronabirusaren eraginez. Lanean jarraitu du, etxez etxeko laguntza zerbitzua ez delako eten. Hala ere, lehen egunetan gaizki pasa zuela aitortu du, «kanpotik nijoan, jende gehiagorekin egoten nintzen, ez nekien familiek nola hartuko ninduten…». Arduratuta zegoenez, banan bana galdetu zien familia horiei zerbitzuarekin jarraitu nahi zuten ala ez; batek bakarrik esan zion ezetz, «beldurragatik edo».
Lana, hori bai, segurtasun neurriak hartuta egin behar izan du, «hasieran eskuak maiz garbituta eta eskularruak jarrita bakarrik, maskararik ez zegoelako, baina laster iritsi ziren horiek ere».
Erabiltzaileen aldetik beldur edo kezka handiegirik ez duela sumatu dio Aizpitartek, eta langileek betiko zereginekin jarraitu izanak lasaitasuna ere eman diela, bere egunerokoaren parte direlako. Berak 25 urte daramatza lanbide honetan, eta gutxi falta zaio jubilatzeko. Lana gustuko duela dio, «oso atsegina» dela, eta asko jasotzen duela erabiltzaileen aldetik. Lau familiari eskaintzen die zerbitzua, eta egunean zazpi ordu egiten ditu lan. Legazpiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko 26 langileek, emakumeak guztiak, egunean bost ordu egiten dituzte lan batez beste.
Txaloak merezi dituzte
Maite Lonbide zinegotziak azaldu du Legazpin zerbitzua jasotzen duten 84 herritarretik 18k egin ziotela uko zerbitzuari martxoaren 16ko astetik aurrera, «kutsatzeko arriskuagatik batzuk, eta beste batzuk familiakoak etxean zeudelako». Baina apirilaren bukaeran, erabiltzaile horietako ia guztiek zerbitzua berriz jasotzeko eskatu zuten.
Langileek neurri bereziak hartu behar izan dituztela erantsi du Lonbidek, eta Eulen enpresaren eta udalaren artean segurtasun neurriak betetzeko protokoloak bete dituztela, langileei eskularruak eta maskarak emanda, baita test edo frogak eginda ere «behar izan den kasu guztietan».
Ondorioz, «bi hilabete luze hauetan ez da inor kutsatu, ez langilerik ezta erabiltzailerik ere». Kolektibo honetan hasieran «beldurra eta zalantza asko» izan zirela onartu du Lonbidek, baina egunak eta asteak pasa ahala, «bere profesionaltasuna erakutsiz, bere zereginak beti bezala betetzen jarraitzen dute» langileek. Hori dela eta, «hauek ere, txalo handiak merezi dituztela uste dut».