Idiazabal Gazta berria ezohiko moduan ebakiko du Unai Campo sukaldariak
Porrue jatetxeko sukaldari bizkaitarrak izango du aurten gazte ebakitzeko ardura. Ekitaldia ezohikoa izango da, ordea. Publikorik gabe eta komunikabideei begira egingo dute, bihar.
Ezohiko egoeran, ezohiko moduan, eta ezohiko datan, baina Idiazabal Gazta berriaren mozketa ekitaldia egin egingo da aurten ere. Bilboko Porrue jatetxeko sukaldari Unai Campok izango du aurten ardura hori. Bihar, asteazkena, izango da, Ordiziako udaletxeko batzar aretoan, 11:30ean.
Ekitaldia, esan bezala, ezohiko formatuan egingo dute, eta udalak ere argi utzi nahi izan du komunikabideetara bideratutako ekitataldia izango dela, garai hauek eskatzen duten segurtasun neurri guztiak betez, eta gonbidatuen presentzia murriztuta.
Bertan egon ezingo diren gonbidatuek, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek, modu telematikoan jarraituko dute ekitaldia. Sarituak bertan izango dira Aurtengo ekitaldian ez da omenaldirik egingo, baina urtero legez, Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Izendapenak iragan urteko ekoizpenaren datuak emango ditu, eta artzain eta gaztandegi erregularrenak sarituko ditu.
Kontseilu Erregulatzaileak 2019 urtean bere kalitate eta erregulartasunagatik gazta egile hauek saritzea erabaki du. Artzain ekoizle saritua La Leze (Ilarduia, Araba) izango da, eta gaztandegi erregularrenaren saria, berriz, Asteasuko Goinek jasoko du.