Irizar Taldeak Covid-19aren prebentziorako teknologia berria garatu du
Irizar Taldeak birusaren hedapena prebenitzeko hainbat sistema garatu ditu, azken teknologiak erabilita: tenperatura neurtzeko kamerak eta autobusa bere-kasa desinfektatzeko sistema sortu dituzte.
Koronabirusaren aurkako neurriak hartzen aurreneko sektoreetako bat izan zen garraio publikoarena. Autobusek ohiko zerbitzua ematen jarraitzen dute, baina maskarillak eta bestelako neurriak eskatzen zaizkie erabiltzaileei. Irizar Taldeak birusaren hedapena prebenitzeko hainbat sistema garatu ditu, azken teknologiak erabilita. Besteak beste, tenperatura neurtzeko kamerak eta autobusa bere-kasa desinfektatzeko sistema automatikoa sortu dituzte.
Sarbidea kontrolatzeko kamera adimentsu bat garatu dute. Autobusaren sarreran jarriko litzateke, eta sintomaren bat duten edo Covid 19aren aurkako protokoloa betetzen ez duten bidaiariei sarrera eragotziko lieke. Tenperatura neurtzeko sentsorea du, eta bidaiariak 37 gradu baino gehiago balitu, alarmak salto egingo luke. Adimen artifiziala duen kamera bat ere badu, erabiltzaileek maskara daramaten edo ez identifikatzeko. Hori guztia, modu automatikoan eta denbora errealean egiten du sistema berriak. Pribatutasun legeak betetzeko, kamera horiek ez dute irudirik grabatzen.
Autobusek haien jarduna bukatzen dutenean, ibilgailua desinfektatzeko sistema automatikoa ere garatu dute. Kanpotik konektatuko den aeronebulizazio sistema baten bidez, eta autobusaren barrualdean kokatuko diren ahotxo batzuen bitartez, 30 minutuan garbitzen du autobusa.
Manparak
Bestalde, autobus gidariaren kabina eta bidaiarien arteko espazioa banatzeko manparak eta panelak ere garatu dituzte. Irizar i3le, Irizar i4, Irizar i6 eta Irizar i6S modeloentzako prestatuta daude, eta indarrean dagoen araudia betetzen duten materialak erabili dituzte fabrikaziorako. Eco3 aire purifikatzailea ere badute, hongo, bakteria, birus eta abar kontrolatzen eta usain txarrak kentzen laguntzen duena.