Ormaiztegiko Estanko dendan lapurreta egiten saiatu dira bart
Goizeko ordu biak aldera erakusleihoko kristala puskatu dute, estolda bateko tapa botata. Kalteak eragin dituzte baina ez dute ezer eraman.
Artean sustoa eta gorputzaldi txarra gainetik kendu ezinda zeuden Ormaiztegiko Estanko dendako langileak. Bart gauean lapurreta egiten saiatu dira bertan. Goizeko ordu biak aldera, ezezagun batek dendaren parean dagoen estolaren estalkia bota du kristalaren kontra, eta dendaren erakusleihoko kristala puskatu du. Estalkia dendaren barruan agertu bada ere, lapurrak ez du barrura sartzerik lortu.
Auzoan zarata handia entzun dela azaldu dute dendako langileek, eta bizilagun batek eman diela abisua ertzainei. Bertaratu direnerako, ez zegoen inor dendaren inguruan. Ezer lapurtu ez badute ere, kalteak eragin ditu saltokian. Dendaren arduradunaren eta langileen ustez, garrantzitsuena da, gauez izanda, ez zegoela inor barruan eta ez dela inor kaltetu. Hala ere, gorputzaldi eta sentsazio txarra utzi die gertakariak.
Denda zabaldu egin dute gaur goizean, eta ohiko zerbitzua eman dute. Aseguru etxearekin harremanetan dabiltza kalteak aztertu eta erakusleihoa konpontzeko.