Zerbitzu sorta bat irekita, itxialdia bigarren fase arinagoan sartu da
Ikastetxe, taberna barru eta elkarteak zabaldu litezke, atzotik. Kalean 15 laguneko multzoak elkar litezke, bi metroko tartea utzita. Bi asteko indarra daukake faseak
Ezohiko egoeran oraindik, baina orain arteko mugimendu handieneko astelehena izan zen, atzokoa, Goierrin. Konfinamendua eta alarma egoera arintzeko bigarren fasea aktibatu izanak zenbait muga desagerrarazi ditu, eta, poliki eta salbuespen guztiekin bada ere, hala moduzko normaltasun baterantz abiatu da eskualdea.
Eragin nabarmenetako bat, herri hazienetan ordutegiak kendu izana da. Beasainek eta Ordizian zuten indarrean arau hori, 5.000tik gorako udalerriei ostiralean kendu zitzaien. Baina askatasuna hartu dute biztanleek, buruhausteak kentzeaz bat.
Bestetik, tabernak eta jatetxeak ere, astiro bada ere, bizitza soziala pizteko pultsua azkartzen ari dira. Atzotik, barruan edukieraren erdia (mahaietan beti) har dezakete. Terrazek estimazio handiagoa izaten jarraitu zuten, hala ere, atzo.
«Jendea barruan denbora gehiegi egon da, orain taberna barrura sartu nahi izateko. Terraza leporaino daukagu, baina barruan ia inor ez», zioen Lazkaoko Unai Paredes tabernariak, atzo. Bezero bakarra zegoen barruan, mahai batera eserita.
Ikastetxeetan, pausoka
Bigarren fasean, ikastetxeetan aurrez aurreko klaseak baimentzea ere iritsi da. Batxilergoko bigarren mailakoekin hasiko dira, unibetsitateerako hautaproba baitaukate ikasturte bukaeran. Baina poliki eta konta ahala hasiko dira gelara itzultzen, aste honetan zehar.
Martxa erdira hasi ahalko direnak, museo, areto, zinema (%33ean) eta antzokiak dira. Programazioak, ordea, mantsoago iritsiko dira. Aste honetarako ez dago ekitaldirik aurreikusita Goierrin, aretoetan egitekorik.
Erakundeek, beren aldetik, bilerak eta batzarrak atzera leku fisikoetan kokatuko dituzte. Lazkaoko Udalbatzak ostegunean du batzarra, udaletxean. Ataunen, datorren astearterako iragarri dute Berdintasun Batzordearen bilera.
Kalera irteteko ordutegia kentzeaz gain, aisialdirako muga irekitzea ere libre da, atzotik. Probintziaren barruan, hori bai. Bigarren fasea ekainaren 7ra arte da, printzipioz. Lehenago iraungitzeko aukera irekita utzi dute.