Bizikleta-urtea, atzekoz aurrera
Koronabirusak 14 txirrindulari lasterketa zapuztu ditu Goierrin. Batzuk galdu dira, eta besteak ezohiko datetan kokatu dituzte. Ekainaren 28an Seguran has daiteke lehiaketa
Hasi orduko eten behar izan du lehiaketako txirrindularitzak 2020ko denboraldia. Goierrin bi lasterketa bakarrik jokatu ahal izan ziren, koronabirusaren izurritea zabaldu, eta Alarma Egoerak egutegia erabat itxi zuen arte. Biak martxoaren 7an izan ziren, Urretxun afizionatuentzat Goierriko Itzulia eta Beasainen kadeteen Usurbe proba. Jon Barrenetxea eta Beñat Garaiar izan ziren garaileak. Geroztik, desertua bi gurpilen gainean ere.
Programatuta zeuden 14 lasterketa bertan behera utzi edo atzeratu behar izan dira, harrezkero. Juniorren zortzi karrera (Zegaman, Urretxun, Lazkaon bi, Seguran bi, Idiazabalen eta Olaberrian), kadeteen bi (Seguran eta Urretxun), afizionatuen hiru (Beasainen, Ataunen eta Seguran) eta mendi bizikletako Euskadiko Irekia (Ordizian).
Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak iragarri du ekainaren 27an hasiko direla atzera lehiaketak. Lehengo astean bidali zien txirrinduzale elkarteei eta antolatzaileei egutegi proposamen berria. Horren arabera, denboraldia urrira arte luzatuko da Gipuzkoan, sekula baino beranduago. Hainbat proba ezohiko egunetan jokatuko dira, urteko beste garai batean: Lazkaoko San Prudentzio proba, Legazpiko Santikutz Klasikoa edota Ordiziako Klasikoa, esate baterako.
Aurtengoz erori direnen artean, Ataungo San Martin afizionatu proba, edota juniorren Gipuzkoako Itzulia daude, Goierrin bi etapa zituena.
Hasiera Seguran izan liteke
Gipuzkoako Federazioaren behin-behineko egutegiaren arabera (webgunean jarria du), uztailean Goierrin zazpi lasterketa jokatuko lirateke, abuztuan bi, irailean bost eta urrian bi. Gehikuntzak eta aldaketak gerta litezke oraindik, daten puzzlea osatzen ari baitira hango eta hemengo antolatzaileak.
Seguran berrekin diezaioke txirrindularien lehiaketak ezohiko denboraldiari, ekainaren 28an, Euskaldun torneoko afizionatuen karrerarekin. Oraindik udalaren oniritzia falta da, baina Segurako Txirrindulari Elkarte antolatzailea antolatzeko prest dago. «Oso berria da albiste hau. Seguran ekainaren 20an ginen karrera egitekoak, baina hor ezingo da. Hala, Irungo San Martzialetako proba jokatuko ez denez, haren lekua eskaini ziguten. Gure aldetik aurrera doa, eta udalaren zain gaude», azaldu du Juan Mari Gereñuk.
Segurtasun neurri bereziekin lehiatuko da: ziklista guztiei tenperatura hartu, irteeran hamarreko ilaretan eta 2 metroko tartea utzita kokatu… Lehenengoa izatearen zailtasuna eta kezka ditu Segurako proposamenak.
Beste hitzordu garrantzitsu bat ere badute aurten Seguran: emakumezkoen Euskadiko Txapelketa. Uztailaren 25ean jokatuko da, jatorrizko egunean. Juniorren bi probetatik bat berreskuratuko dute, irailaren 19an; eta kadeteena urriaren 10ean.
Goierrin, nazioarteko mailako juniorren proba bat salbatuko dela dirudi: Gipuzkoako Klasikoa, UCIren junior 1.1 mailakoa, abuztuaren 30ean da, Beasainen. Urretxun apirilean izatekoa zen karrera hori. «Mundialaren aurreko probaren egunean hartu dugu, Beasainen. Nazioarteko taldeekin jokatuko da Gipuzkoako Klasikoa», baieztatu du Loinatz elkarteko Patxi Iturriotzek.
Estatuko egun bakarreko proba zaharrena, Loinatz lasterketa Jon Lazkano zenaren omenez egiten da, uztailaren 5era eraman dute. «Ez dakigu emango diguten, baina printzipioz egun hori daukagu eskatuta. Izan ere, garrantzitsua da data eskatzea eta mantentzea, behin utziz gero, gero oso zaila delako berriro hutsunea aurkitzea».
Arlo denetan hasi behar
Karrerak finkatzen soilik ez, antolatzaileek diru iturria ziurtatzen ere lana dute. «Babesleekin hitz eginda geunden, eta berriro hasi behar. Horiek ere egoera berdinean ez dira egongo, eta ea zer irteten den», dio Gereñuk.
Goierrin egutegi berria
EKAINA
· Segura. Euskaldun, afizionatuak. Ekainak 28 (itxi gabe).
UZTAILA
· Beasain. Klasikoa, uztailak 5.
· Legorreta. Gipuzkoako Txapelketak: taldekako erlojupekoa, emakume, kadete, junior. Uzt.11.
· Ordizia. Kadeteak, uztailak 18.
· Zumarraga. Juniorrak, uzt. 19.
· Segura. Emakumezkoen Euskadiko Txapelketa, uztailak 25.ABUZTUA
· Zegama. Afizionatuak, abuzt. 22
· Beasain. Juniorrak. Gipuzkoako Klasikoa UCI maila. Abuz. 30.IRAILA
· Lierni. Juniorrak, irailak 6.
· Segura. Juniorrak, irailak 19.
· Zaldibia. Afizinoatuak, irail. 20.
· Lazkao. Afizionatuak, irailak 26.
· Legazpi. Santikutz Klasikoa, Espainiako Kopa. Irailak 27.URRIA
· Segura. Kadeteak, urriak 10.
· Ordizia. Profesionalak, Ordiziako Klasikoa. Urriak 12.
*Egutegi hau alda liteke.