Ebaki dute Idiazabal Gazta berria
Bilboko Porrue jatetxeko Unai Campo sukaldariak izan du ohore hori. Idiazabal Jatorri Izendapeneko erregulartasun sariak Ilarduiako La Lezek –artzain kategorian– eta Asteasuko Goinek –gaztandegia– jaso dituzte. Oiangun egin dute azkenean gazta ebakitzea, segurtasun neurri guztiak hartuz, eta artalde bat ere inguruan zutela.
“Askatasun usaina du, pixkanaka normaltasunera iristen ari garenaren usaina”. Hitz horiek erabili ditu Bilboko Porrue jatetxeko Unai Campok Idiazabal Gazta berria ebakitzerakoan. Oiangun egin dute azkenean ekitaldia, eguzkipean, baina egoerak eskatzen zuen segurtasun neurri guztiak betez. Urruntze fisiko horrek hotz kutsua ere eman dio ekitaldiari, baina bildutako eragile guztiek argi zuten beharrezkoa zela egitea. Aurretik, La Lezeko Jose Mari Jauregi lazkaotarrak eta Eli Gorrotxategi beasaindarrak Idiazabal Jatorri Izendapenak eman duen erregulartasun saria jaso dute artzainen kategorian, eta Asteasuko Goinerentzat izan da gaztandegiari dagokiona.
Ekitaldia 11:30erako deitua zegoen, eta minutu batzuk lehenago, Lazkaomendiko Intzartzu etxeko Iztueta aita-semeak iritsi dira Oiangura artaldearekin. Giroa bero, segituan jarri dira ardiak haritzaren itzalpean. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ireki du ekitaldia, eta haren atzetik hitz egin dute Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari nagusiak eta Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak. Ondoan izan dituzte Miriam Molina Idiazabal Jatorri Izendapeneko kudeatzailea eta Jesus Mari Ormaetxea Ordiziako Idiazabal Gazta Kofradiaren burua.
Minutu bateko isilunea
Molinak Goineko Joseba Otegiren lan ibilbidea aipatzearekin bat, hura mahaira hurbildu da diploma jasotzera –berak hartu behar izan du–, eta segidan ekitaldia eten dute, 12:00etarako minutu bateko isilunea deitua baitzegoen pandemiak hil dituen guztiak oroitzeko. Ondoren, prozedura bera jarraitu dute La Lezeko artzainek, eta bukaerarako gorde dute gazta ebakitzeko ekitaldia. Irribarretsu bete du zeregin hori, koronabirusak eragindako egoerari keinu eginez hitza hartu duenean.
Komunikabideen txanda etorri da gero, eta banaka eta sentipenak errepikatuz aritu dira hizketan eguneko protagonistak. Besarkadarik gabeko ekitaldia izan da halabeharrez, eta bero egin arren, hotza sumatzen zen giroa gaur eguerdian Oianguko parajean.