Emakumeak mundua pizten
Duela 15 urte, Emakumeen Mundu Martxa zeharkaldia Goierrira iritsi zen. Legazpiko Burdinola elkarteak ikatz txondorra piztu zuen, antzinako lanbidea biziberritzeko
Emakumezkoak mundua martxan ari ziren duela hamabost urte ere. 2005eko maiatzaren 26an, nazioarteko ekimen bat Goierrira iritsi zen: Emakumeen Mundu Martxa. Autobus batean iritsi zen leku askotan oihal txatalak josiz osatutako olana. Beasainen egin zieten eskualdeko ongietorria, bertako emakume elkarteetako kideek. Asmube elkartekoek, beren zatia erantsi zioten. Bidean, Etzegarate gainean 40 bat minutuan geldituta eduki zuen Guardia Zibilak mundu martxaren autobusa.
«Berdintasuna, askatasuna, elkartasuna, justizia eta bakea» ziren oihal ibiltariak zekartzan mezuak. Txalo artean eta hunkituta hartu zuten goierritarrek. Sao Paulon (Brasil) idatzitako gutuna eta Dulce Maria Loinaz poeta beasaindarraren olerki bat irakurri zituzten. Bost hilabete geroago, Burkina Fason bukatu zen martxa.
Festen arloan, Legorretan Korputs egunerako harrijasotzaile topaketa gorena antolatu zuten: Aimar Irigoien, Goenatxo eta Joseba Ostolaza ziren joatekoak. Krosak ere ez zuen hutsik egin, jakina.
Txondorra Legazpi
Behinola Aizkorrondoan horren ugari egiten zituzten txondorrak eta ikazkintza lanbidea kalean erakusteko ekimena antolatu zuten Burdinola elkartekoek. Legazpiko Urtatzan piztu zuten txondorra maiatzaren 28 goizean, Hegialdeko festa batzordekoekin batera.
«Legazpin aspalditik bizi den Angel Jauregi beruetearra dabil egun hauetan, ezer gerta ez dakion, txondorra zaintzen.Txondorrarekin batera ikazkinaren etxola ere egingo dute», berri eman zuen GOIERRIKO HITZAk, gaur hamabost urte.