Askatasun usaina darion gazta
Bilboko Porrue jatetxeko Unai Campok ebaki du Idiazabal Gazta berria, Oiangun egin den ekitaldian .La Lezek eta Goinek jaso dituzte erregulartasunaren sariak
«Gazta honek askatasun usaina du, pixkanaka-pixkanaka gure egunerokoa berreskuratzen ari gareneko usaina du». Bilboko Porrue jatetxeko Unai Campo sukaldariak hitz horiek erabili ditu Idiazabal Gazta berriaren denboraldia estreinatzeko ebakialdian. Ezohiko garaian, ezohiko tokian eta ezohiko moduan egin da aurten Ordiziako Udalak, Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Idiazabal Jatorri Izendapenak 26. urtez antolatu duten ekitaldia.
Omenaldirik ez da egon aurten, baina erregulartasun sariak bai, horiek banatu dituzte: La Lezeko (Ilarduia, Araba) Eli Gorrotxategi beasaindarrak eta Joxe Mari Jauregi lazkaotarrak jaso dute artzain gaztagileei dagokien kalitate diploma, eta Asteasuko Goineko Joseba Otegik gaztandegiei dagokiona.
Ekitaldi hotza, giro beroan
Apirilaren 15ean egin beharreko ekitaldia maiatzaren 27an egin da, sei astera. Deialdian ere aldaketa izan da bezperan, udaletxeko areto nagusitik Oianguko parkera igaro baita segurtasun neurrien izenean. Gonbidaturik eta jende betekadarik ez da izan, eta kazetariei ere garaiz joateko deialdia egin zaie, bakoitzak bere lekua hartu eta hori errespetatzeko eskatzeko.
Ez da musurik eta besarkadarik izan, gerorako utzi dira horiek, baina bai musukoak. Eta nola jardun ere ez zekitela aritu da bat baino gehiago, orain bai, orain ez. Arraro sumatzen da giroa, urduritasuna irri txikiarekin ezkutatuz, dena lekuz kanpo balego bezala. Hotza izan da ekitaldia, giro beroaren aterpean. Baina antolatzaile eta agintariek argi zuten egin beharra zegoela, artzainek eta gaztagileek merezi zutela horrenbeste salmenta jaitsiera izan den garaiotan. Eta ez dira lau edo bost izan, baina artaldeak ez du hutsik egin. Lazkaomendiko Intzartzutik ekarri dute Iztueta aita-semeek. Itzalpean jarri dira denak, abaroan.
Kargu publikoek hartu dute gero hitza. Denek goratu dute sektorea, denek zoriondu dituzte sarituak. Adur Ezenarro alkateak laguntza eskatu die Xabier Arruti aldundiko landa garapen zuzendariari eta Bittor Oroz jaurlaritzako nekazaritza sailbuordeari, «bakarrik sentitu» direlako hilabeteotan. Arrutik sektoreak dituen galerak arintzeko diru-laguntza lerro bat iragarri du, eta Aralarko pistengatik auzipetuta dauden 16 ordezkariak izan ditu gogoan. Orozek, berriz, bertako produktuak kontsumitzeko deia egin die herritarrei.
La Lezek, aurreneko aldiz
Idiazabal Jatorri Izendapeneko Miriam Molinaren txanda da. Hark eman du gaztagile sarituen ibilbidearen berri. Goineko Otegi altxatu, eta berak hartu du diploma. Etena etorri da gero. 12:00etan minutu bateko isilunea pandemiak hildakoak gogoratzeko. Gorrotxategi hurrena, musukoa kendu eta hunkituta. Txaloak eta argazkiak bientzat. Lehen aldiz jaso du erregulartasunaren aitortza bikote goierritarrak. «Oso pozik» bai, baina «tristetuta» ere bai, ezin izan dutelako betiko moduan ospatu.
Domina kolkoan jarri du Campok hurrena, eta ebaki du gazta. Tente egon da gizona ekitaldi osoan, erdi-erdian. Kofradiako buru Jesus Mari Ormaetxeak zatikatu du gazta, eta inguratuek dastatu dute. Hori guztia gertatu zen atzo Oiangun, 45 minutuan.