De la Iglesiak garagardoa jarri du salgai, esklerosia dutenen alde
Txispa markako garagardoaren lehen 8.000 botilak berehala saldu ditu. Internetez eros daiteke eta aurki Goierriko tabernetan eta jatetxetan ere salgai jarriko du
Asier de la Iglesia zumarragarrak Txispa garagardoa merkaturatu du. Salmentetatik lortutako diruaren %60a esklerosi anizkoitza ikertzera bideratuko du eta %40a garagardo gehiago ekoiztera. Dagoeneko 8.000 botila merkaturatu ditu eta berehala saldu ditu. Garagardo hau Internetez eskura daiteke eta aurki Goierriko tabernetan ere salgai egongo da.
De la Iglesiak esklerosi anizkoitza du eta Ordiziako saskibaloi taldean jokatzen du. Hamaika egitasmo jarri du abian dirua biltzeko eta gaitz honen inguruko ikerketa bultzatzeko. Duela gutxi 100.000 euroko txekea eman zuen. Orain Txispa markako garagardoa merkaturatu du. Bere egitasmo garrantzitsuena dela dio. Aspalditik zuen garagardoa merkaturatzeko asmoa eta hainbat garagardo lantegi bisitatu zituen.
Azkenean, Cuencako (Espainia) bat aukeratu zuen, garagardo naturala eta ekologikoa egiten dutelako. Txispa markako garagardoak ez du kontserbagarririk eta gehigarririk eta ez dute pasteurizatzen.
Ekimenak harrera bikaina izan du. Lehen 8.000 botilak berehala saldu ditu. Hori bai, oso gogor lan egiten ari da. «Hilabete asko daramatzat egitasmo honetan lanean. Azken 15 egunak ordenagailuaren aurrean eman ditut eta egunero elkarrizketa asko ematen ari naiz. Litro hereneko 8.000 botila eskatu nituen eta berehala saldu ditut. Asteburuan etiketarik gabe gelditu nintzen, baina dagoeneko gehiago lortu ditut», aipatu du zumarragarrak.
Txispa markako garagardoa Internetez erosi daiteke: contacto@cervezatxispa.com helbide elektronikora idatzita edo cervezatxispa.com webgunean. 24 botilako kaxak jarri ditu salgai. Aurki taberna eta jatetxetan ere eskatu ahal izango da. «Produktu honekin denok lortzen dugu zerbait. Ostalariei asko gustatu zaie, ikertzaileei laguntzeko aukera ematen baitie eta, aldi berean, dirua irabazten baitute», azaldu du.
De la Iglesiak miloi bat euro lortu nahi du ikerketaren alde. Eskumuturrekoak, ardoa, eguzkitako betaurrekoak, kamisetak eta garagardoa saltzeaz gain, hiri ezberdinetan ekitaldiak antolatu ditu. Gainera, liburu bat idazten ari da, bere bizitzari buruz. Crowdfunding bidez argitaratuko du.