Itxialdiko sormen sukarrak egosia
Etxealdian gorputzez geldirik baina buruz aske ibili dira sortzaileak. Monika Arratibel ataundarrak ipuin bat sortu du konfinamenduan, Xabier Etxaniz lagunak ilustratua.
Bazen behin negar egiten ikasi ez zuen laino bat». Horrela hasten da Monika Arratibel ataundarrak idatzi duen ipuina. Laino txiki, egizu negar poliki lana ondu du, eta oraingoz Youtuben jarri du ikusgai. Hilabetean, 3.600 ikusalditik gora izan ditu.
Arratibelek idatzi duen lehenengo ipuina da. Eskarmentu handia du ipuin kontalaritzan, Jentilbaratza kultur elkarteak antolatutako saioetan aritzen baita. «Bizitza guztia daramat ipuinak kontatzen, baina idatzi dudan lehenengo aldia da», aitortu du ataundarrak.
Ideia «konfinamenduko buru endredoa» izan dela dio, umorez. Xabier Etxaniz lagun azkoitiarrak ilustratu dio ipuina. «Nekatu ez ginen egiten gorputzez, eta gauean logure gutxi. Ideiak bota, eta biharamunean marrazkiak egiten zituen. Horrela sortu dugu ipuina».
Haur txikiei zuzendua da, batik bat inguru euskaldunik ez daukatenek hizkuntza barneratzeko pentsatua. Dulantzin (Araba) Haur Hezkuntzako irakasle da Monika Arratibel. «Umeengana ailegatzeko, hiztegi xalo samarra erabili dugu, laua. Umeei asko gustatu zaizkie errepikapen ipuinak. Errealitatea ez dute euskalduna, eta errazago barneratzen dituzte istorioak errepikapenen bidez».
Argitaratzea baztertu gabe
Arratibelek eta Etxanizek lehen ere egina dute proiektutxoren bat elkarrekin. «Xabi aspaldiko laguna dut. Liburuaren Egunerako bideo bat egin nuen, liburu izenburuekin istorio bat sortuz». Berarekin identifika daitezkeen irudiak egin dizkio Etxanizek, Beriain mendiaren isla, kasu.
Momentuz, Interneten zintzilikatu dute Laino txiki, egizu negar lasai ipuina. Baina ez du liburuan argitaratzea baztertu. «Egia esateko, ez dakigu liburu bat nola publikatzen den ere, baina asmoa edo nahia badugu. Ez gara jarri harremanetan, ez argitaletxeekin, ez inorekin».
Lagunen beharraz dihardu ipuinak. «Erakutsi nahi izan dugun balorea da lagunen garrantzia. Eta besteak baino gehiago izatea edo handi-nahi hori, puskatzea. Ezertarako ez duela balio erakustea». Itxialditik ireki da ipuingile baten lehen hegaldia.
Xabi Etxeberriak abesti bat sortu du, disko aurrekari
Literaturan bakarrik ez. Ataunen musikan ere sorkuntza berriak badira. Xabi Etxeberria musikariak Modesto Newhouseabestia konposatu eta grabatu du. Etxean egin du lanketa guztia, konfinamenduan. Oraingoz, abesti bakarra bada ere, disko bat atontzeko proiektua buruan darabil Etxeberriak. Lehen harria jarri du.