«Komertzializaziorako beste bide bat ireki dugu gazta banatzen hasita»
Konfinamenduak bete-betean eragin die artzain eta gaztagileei, martxoaren erdian baitziren gazta saltzen hastekoak. Askok, Eli Gorrotxategik tartean, etxez etxeko banaketaren aldeko apustua egin dute.
Zer moduz joan da aurtengo gazta produkzioa?
Gu produkzio aldetik-eta beti bezala gabiltza, hori ez dugu aldatu. Zer gertatu osasun krisi honekin? Aurreko kanpainakoa salduta geneukan, eta juxtu asteburu horretan, martxoaren 14-15ean, hasi behar ginen gazta berria saltzen. Aurreneko hamabost egunak beldurgarriak izan ziren, eta osasuna lehenetsi genuen. Ardiak jezten-eta segitu genuen, baina etxean geratu ginen ia erabat. Guk gazta egiten jarraitu genuen, baina hozkailua betetzen hasi zen. Gazta ezin saldu, eta ordainketak, berriz, egin beharra zeuden.
Eta zer bide erabili dituzue gazta saltzeko?
Hau guztia hasi eta hilabetera izango zen, pentsatu genuen Internet bidez eta WhatsApp bidez hala nahi zuen bezeroari etxera eramatea gazta, edo bestela bidali egingo geniela mezulari baten bidez. Bezeroak-eta hasi ziren gazta eskatzen, hemen ingurukoak, Gasteizkoak, Sakana aldekoak Etxarriraino eta Goierri aldekoak ere bai, eta hasi ginen gu egiten banaketak etxez etxe. Kanpoko bezeroei, berriz, garraiolari bidez bidaltzen genien. Eta alde batetik pozik, bezeroak ondo portatu dira, eta irteera eman ahal izan diogu gure gaztari, lekua egin dugu hozkailuan, guk oraindik ere egunero-egunero gazta egiten jarraitzen baitugu. Baina bestetik, askoz lan gehiago egin behar izan dugu gazta saltzeko. Lehen etxera etortzen zen jendea erostera, eta banaketa egiteak ere lana suposatzen du. Baina kontentu gaude, beste komertzializazio bide bat ireki dugu, eta ikusi dugu bezeroek jarrera ona izan dutela gurekiko.
Arkumeekin-eta zer moduz moldatu zarete?
Guk ordurako ia gehienak salduta geneuzkan, ez gaitu horrek harrapatu. Eta hori ere asko izan da. Lagun asko harrapatu ditu asunto honek ukuiluan arkume pila batekin, eta hori bai izan dela gogorra.
Noiz arte jarraituko duzue gazta egiten?
Uztail bukaerara arte. Gu mendira igotzen gara, baina artaldea antzutu eta gero. Beheko mendia ukuilu ondoan daukagu, eta horrek aukera handia ematen digu. Bero hauekin ardiak mendian ibiltzen dira, eta inguru hauetan gure ardiak bakarrik ibiltzen dira. Horrek asko egiten du.
Ze aurreikuspen dituzu datozen hilabeteetarako?
Ez dakigu. Kezka denak daukagu. Oraingoz ematen du jendea mugitzen hasiko dela, eta guregana ere inguratu da jendea gazta erostera. Zer gertatzen da? Gure bezeroak etxera erostera etortzen diren partikularrak dira, denda batzuk ere bai, baita jatetxeak ere, baina ostalaritza nahiko geldirik dago. Araban, nekazal eta abere azokak ez egitea erabaki dute, baina pentsatzen genuen kalean egiten direnez mantenduko zituztela segurtasun neurriak hartuz. Azoka horiek aukera handia ematen dizute saltzeko, eta hori ere ez badago, gutxiago. Udala erraztasunak ematearen alde azaldu da, baina Araba mailan beste erabaki hori hartu dute, eta nik sentitzen dut alde batera uzten gaituztela zentzu horretan. Badakit ez dela erraza, baina gutxienez gure egoera ere aztertu dezatela. Ez dakigu udazkenean zer gertatuko den, eta orain aprobetxatzen ez badugu, zer egin behar dugu?
· Helbidea: La Leze baserria
· Tfnoa: 945 30 41 58 / 617 513 536