«Otsailean hasi nintzen, eta gazta ekoizpen txikiagoa daukat aurten»
Konfinamenduaren eragina txarrerako nahiz onerako nabaritu du Joseba Insausti artzainak. Erostera jende gutxiago etorri zaiola dio, baina kanpaina salbatzeko esperantza du. Mendia, berriz, inoiz ez bezala aurkitu duela dio.
Aurtengo gazta ekoizpena zer moduzkoa izan duzu?
Aurten nahiko urte atipikoa izaten ari da nire kasuan. Ez dakit esan beharrekoa den, baina urtarrilean bajan egon nintzen ebakuntza bat zela eta, eta orduan urtarril osoan esnea saldu beharrean izan nintzen. Eta hasi nintzen gazta egiten otsailean, eta horregatik aurtengo gazta ekoizpena beste urteetakoa baino txikiagoa daukat.
Pandemiak nola eragin dizu?
Hozkailuan lekua baneukan gazta gutxiago egiten ari naizelako, baina salmentak nola erabat gelditu ziren martxoan, hozkailua betetzen hasi da. Hasieran ez nuen horrelako estutasunik, baina sartu eta sartu, eta atera ez, hozkailua bete samarra daukat ia.
Alarma egoera garaian salmenta bideratzeko salmenta bereziren bat egin duzu?
Ez. Nire bezeroak Ordizia, Zaldibia eta inguruko herrietakoak dira, eta Donostian ere badaukat komertzio nahiko on bat. Normalean etxera etorri izan dira gazta bila, baina mugimendua murriztearekin inor ez zen etortzen, gertukoren bat izan ezik. Guk ere ezagunei eraman izan diegu etxera, baina saiakerarik ez dut egin bezero berriak bilatzeko. Urte normal batean badakit betiko bezeroekin urteko ekoizpena moldatuko dudala. Kanpotik izan ditut eskariak email bidez-eta, baina ez dugu bideratu. Ni bakarrik nago ustiategian, gurasoen laguntza-eta badut, baina ezin mugitu honekin… Ustiategia Zaldibian dago, beraiek Ordizian bizi dira, eta ezin izan dute etorri nahi bezala erretiroa hartutako jendea direlako. Ardiez gain, abere gehiago eta baratzea ere baditut, eta nahikoa lan izan dut lan horiek guztiak aurrera ateratzen. Niretzako ezinezkoa zen eskari guztiei erantzutea, baina maiatzaren 2tik mendia nagoenez ba… Etxera bila etorriz gero eman zaie gazta.
Hozkailuan generoa baduzu orduan.
Bai, bai, mundu guztiak bezala, eta ez baldin badauka da esnezaleari saldu diolako. Askok, egoera honetan, erabaki hori hartu behar izan dute.
Orain Mendiko gazta egiten arituko zara.
Normalean ekain erditik bukaerara arte arituko naiz. Ez daukat data jakin bat antzutzeko, urtearen baitan: beheko belarrak noiz etortzen diren, zer eguraldi egiten duen, ardiak nola ari diren ekoizten, hanketatik nola dauden ez dauden, bariable asko egoten dira antzutzeko data erabakitzeko. Neguko belarrik ez dut erosten, dena nik egiten dut etxekoa, eta horrek ere dedikazio handia eskatzen du.
Kanpaina salbatzeko zer itxaropen?
Inoiz ez dut izan kanpaina bat galeran bukatu dudana, edo kaltetan irten naizena, eta espero dut aurten ere ez hori gertatzea. Idiazabal Gazta ez da produktu galkorra, bizitza luzea dauka, egiten duzun egunetik bi urte pasa arte daukazu saltzeko aukera. Gazta ez da iraungitzen, lehortu bai, baina galdu ez. Itxaropena badaukat udazken aldera salduko dela, baina egia da Aste Santuko kanpaina oso garrantzitsua dela guretzako, eta aurten ezertan geratu dela. Betiko jendea hasten bada mugitzen eta beldurra galtzen, guregana etortzen ere hasiko dira, badakite non gauden.
Zer moduzko mendia aurkitu duzu?
Nik sekula ezagutu ez dudan bezala. 23. urtea dut Aralarren, eta niri horrelako mendirik ez zait tokatu, ikusgarri dago. Leongo, Pirinioetako eta Asturiasko artzainek gauza bera komentatzen didate. Ez dakit kutsadurarengatik den ala ez… Eta horretaz aparte, aurten ez du negurik egin, eta horrek ere zerikusia izango du. Belar giroa egin du, eguraldia markakoa, noiznahi zaparrada bat, noiznahi euria eta eguzkia, eta mendia dago oso ondo. Ganadu larria eta txikia ondo ikusten da mendian. Batzuk ere beranduago igotzeko erabakia hartu dute ez dakit zer arrazoiengatik, eta normalean baino ganadu gutxiago dabil oraingoz mendian, ardien kasuan bai behintzat. Behor eta behi gehienak goian daudela uste dut.
· Helbidea: Otatza baserria (Ordizia)
· Tfnoa: 943 88 70 77 / 661 923 670