«Topaketa ez egitea, jaiak bertan behera gelditu zirenean erabaki genuen»
Aurtengoan ez da Dantza Topaketen Egunik izango. Penatan?
Ez dago besterik. Loinatz Jaiak bertan behera utzi zituztenean Dantza Topaketen Eguna ere ez egitea erabaki genuen.
Aurtengoa 20. edizioa izan behar zen.
Zenbaki borobila da, baina ez genuen ezer berezirik prestatuta. Urteroko formatua izango luke. Egia esan oraindik gauza asko zehazteko genituen. Antolaketa lanetan hasi orduko egin zuen eztanda koronabirusaren gaiak eta asmoak gelditu genituen.
Sare sozialetan iganderako zerbait prestatzen bazabiltzate.
Topaketen eguna oroitu nahi dugu eta omenaldi txiki eta pertsonal bat prestatzen gabiltza. Ez dut gehiago aurreratuko, sorpresa izan dadila.
Bestelakoan, Ostadar dantza taldeko kideek zer moduz daramazue itxialdia?
Gelditu egin behar izan dugu baina dantzan jarraitu dugu, bakoitzak bere kabuz. Ekitaldirik ez dugu izan, baina ekimen desberdinetan parte hartu dugu. Esaterako, Euskaraldian eta Nazioarteko Dantzaren Egunean parte hartu dugu. Egun hauetan talde erara presentzia izatea zaila da, baina lortu dugu eta pozik gaude.
Entseguetara itzultzeko aurreikuspenik baduzue?
Horri buruz ez dugu ezer hitz egin. Goizegi da oraindik horretarako eta, gainera, ekainean ikasturtea amaitzen dugu eta oporrak hartzen ditugu. Nik uste dut onena itxarotea dela, eta ikusiko dugu udatik bueltan ea hasteko moduan gauden.