Aurten ez da San Joan jairik ospatuko Seguran
Aho batez hartu dute erabakia udala osatzen duten bi taldeek.
Aurten ez da San Joan jairik ospatuko Seguran. Hala erabaki dute udala osatzen duten bi taldeek -EH Bildu eta EAJ- aho batez. Erabakia hau, jaiak antolatzeko hainbat herritar eta eragilek osatzen duten batzordean kontrastatu dute eta batzordeak berak ere begi onez hartu du.
Honela dio udalak bidalitako oharrak: “Covid-19ak sortu duen pandemia honetan, egoera duela aste batzuk baino hobea bada ere, osasun adituek oraindik pertsonen arteko bi metroko distantzia eta jende pilaketak ekiditea eskatzen dute. Festetan neurri horiek mantentzea ezinezkoa ikusten dugu eta lehentasuna kutsatze arriskua eragozteari eman behar diogu”.
Espero dute herritarrek, “erabaki hau ulertu eta berarekin bat egitea”. Eta amaitu dute esaten: “Datozen urteetan, berriz ere San Joan jaiak ospatzeko moduan izango gara, baina aurten, guztioi prebentzioz eta arduraz jokatzea dagokigu”.