Goierriko museoek ekainean sartzearekin batera irekiko dituzte ateak berriro
Ekainaren 1ean irekiko dute D'Elikatuz eta ekainaren 2an Zumalakarregi eta Igartubeiti. Segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte bisitarien osasunagatik.
COVID 19 pandemiaren eraginez museoek ateak itxita izan dituzte. Datorren astetik aurrera, bisitariak hartzeko moduan izango dira Ordiziako D’Elikatuz zentroa, Ormaiztegiko Zumalakarregi eta Ezkioko Igartubeiti. Irekierarako, bisitarien osasuna bermatzeko beharrezko neurri guztiak hartu dituzte.
Datorren ekainaren 1ean irekiko ditu ateak Ordiziako D’Elikatuz zentroak. Hasera batean barne turismoa espero dute eta alarma egoeraren faseak aurrera doazen heinean, beste probintzia eta erkidegoetako bisitariak. Egoera honetan, badirudi bisitari askok turismo ez masifikatu eta jasangarri baten alde egingo duela eta horren aurrean Goierri eskualdea ondo posizionatuta dagoela uste dute. Gainera, Ordiziako azoka jomuga interesgarria izango dela ere espero dute. Ordutegiari dagokionez, goiz eta arratsaldez irekiko dute, egunero ohiko ordutegian, abuztuaren 31 arte. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Asteburu eta jai egunetan berriz, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Igartubeiti Baserri Museoak eta Zumalakarregik, asteartean, ekainak 2, irekiko dituzte ateak. Ezkion, Emakume ekintzaileak sagardogintzan erakusketa berria ikusi ahalko dute bisitariek, doain. Bestalde, bi museoetan, espazio berriak bisitatu ahalko dira, Musealiak izenburupean. Gainera, alarma egoeraren 3. fasetik aurrera, Piztu Museoa jardueraren barruan, museotik kanpoko hainbat jarduera egiteko asmoa dute, formatu murriztuan. Igartubeitik, udako ordutegian irekiko du: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara goizez, eta 16:00etatik 19:00etara arratsaldez. Igandeetan eta jaiegunetan berriz, 10:00etatik 14:00etara. Zumalakarregik berriz, steartetik larunbatera eta jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etati 19:00etara. Igandeetan berriz, 10:00etatik 14:00etara.