Herritarren artean maskarak banatu dituzte Beasainen eta Ordizian
Herritarren osasuna bermatzeko egin dituzte banaketak, boluntarioen laguntzarekin.
Beasaingo Udal gobernuak covid 19aren eraginaren aurrean, beasaindar guztien artean, babes eta segurtasun neurriak indartzeko maskara berrerabilgarriak banatu ditu, gaur, doan. Udalak, ekimen honeki, herritar guztiek maskarak izatea bermatu nahi du. Herriko lau gunetan egin dituzte banaketak, segurtasun neurri guztiak hartuta, beti ere. Banaketa egiteko, herriko ia 60 boluntarioren laguntza izan dute, gazteak batez ere. Haiek izan dira gerturatu diren herritar guztiei banan-banan maskarak eman dizkietenak.
Leire Artola Beasaingo udaleko alkateordeak esan du, “lehengo astetik derrigorrezkoa” dela “maskarak erabiltzea”. Horren aurrean, “udalaren ekimena izan da, herritar guztientzako, maskara berrerabilgarriak banatzea”. Eta jarraitu du: “300 aldiz garbitu daitezke eta 60 gradutan garbitzea gomendatzen da”. Beasainek, “14.000 biztanle inguru ditu eta 15.000 maskara eskatu” dituzte. Banaketa, 10:00etatik 12:00etara egin dute, Loinazko San Martin plazan, Ezkierdi frontoian, JM Barandiaran parkean eta Loinazpe ikastetxean.
Boluntarioen eskutik egin dute banaketa: “Deialdia egin genuen, eta adin guztietako herritarrak animatu dira, baina batez ere, gazteak, eta eskertzekoa da”.
Bestalde, boluntario taldean laguntzen aritu da Andoni Mikelarena. Kontatu du “duela bi urte herriko gazte lokalen artean Porru kaleko festak antolatzeko ekimena” abiarazi zutela. Horren harira, “herrian, gazteen sare bat sortu” zela. Maskarak banatzeko, herriko elkarte eta eragileekin harremanetan jarri zen udala, tartean, herriko gazteak. “Gure prestutasuna erakutsi nahi izan dugu, eta auzolanean, maskarak banatzen egon gara herritarren artean”.
Beasaingoaz gain, Ordiziako Udalak, 1.630 maskara banatu ditu, 70 urtetik gorako herritarrentzat. Etxebizitza bakoitzera bidali dira maskara hauek, garbitasun eta segurtasun neurriak mantenduz unero.