«Olaldek merkatu oso ona dauka. Aitorren bueltako elkartasun sare bat dago»
Asier Rodriguezek eta Ainara Lasak duela ia urtebete hartu zuten Aitor Esnaola preso dagoen legorretarraren artegia, Olalde baserrian. Produkzioa erdira jaitsi badute ere, komertzializatzeko arazorik ez dutela izan azaldu dute.
Iaz hartu zenuten Olalde baserriko artegiaren martxa. Zer moduz ari zarete moldatzen?
Uztailean urtebete egingo dugu bai. Lehenengo denboraldia bukatzen ari gara, eta oraintxe hasiko gara errepikatzen. Sorpresaz betetako urte bat izan da, gauza askorengatik: hasiera guztiak ez direlako errazak, eta horri gehitu behar badiogu martxotik ditugula gure hiru seme-alabak etxean eta teknologia berrietara aplikatu behar izan garen artzainak ere bagarela ba… Horri gehitu behar diogu familia zabal baten laguntzarekin ari garela proiektu honetan, eta hori ere azken hiru hilabeteotan faltan sumatu dugu. Olatua izan da handia. Gazta denboraldia bukatzen ari gara orain, gaztak egin ditugu, eta arnasa hartzen harrapatzen gaituzu.
Pentsatzen dut zuen egoera berrira egokituko zenutela aurtengo ekoizpena.
Gurea oso sinplea da. Hemen produkzioa erdira jaitsi da beste arrazoi batzuengatik, hasieratan gaudelako eta artaldea ere erdia jaitsi zelako. Guk ez daukagu komertzializazio arazorik, gurea ez da produktu arazoa, nahiko genuke. Guk espero baino gazta gutxiago egin dugu, uste baino esne litro gutxiago bildu ditugulako. Ardiak Aizkorritik jaitsi arte ez genituen ikusi, eta bi alditan eduki dugu arkume jaiotza, eta horrek esnearen egoera ere jaitsiarazi digu… Guretzat hasiera bat da, eta oso gustura gaude, gazta oso ona egin dugulako, daramagulako hiru hilabete gazta oso-oso ondo saltzen, jendea ere oso-oso gustura dago.
Eta salmenta aldetik zer moduz?
Ez dut uste abenduan gazta izango dugunik martxa honetan jarraitzen badugu. Olalde gaztak merkatu oso-oso ona dauka, Aitorren [Esnaola, preso dago] bueltako elkartasun sare bat dago, eta oso-oso eskertuta gaude, bizi dugun egoera honetan asko aktibatu baita hori. Gure artegia pasoko zonalde pribilegiatu batean dago, eta egunero jende asko etortzen zaigu, Berostegi auzoan jende asko dabil, eta gazta salmenta aurrez aurrekoa oso-oso ona izan da. Guk iaz horrelakorik ez genuen bizi, adibidez.
Jendearen partetik erreakzioa egon da hortaz.
Gu Olalden gaude, eta Olalde berriro haurrez, jendez, bizitzaz beteta ikusi dute Legorretako eta Itsasondoko herritarrek, eta uste dut ilusioz hartu gaituztela. Artaldeak dabiltza zelaietan, arkumeak ditugu eta haurrak etortzen zaizkigu arkumeak ikustera, eta giro oso polita sortu da bailara honetan. Bezeroaren konektatzeko modu oso atsegin bat izan da. Gu oso gustura eta eskertuta gaude, eta guk egindako lehen gaztak saltzen ari garela ikustea, eta jendeak errepikatu egiten duela ikustea poztekoa da. Ardura handia da gaur egun produktu bat merkaturatzea, elikagai bat merkaturatzea. Larritasun hori bagenuen urtarrilean beste esku batzuekin egindako Olalde gaztarekin hasi ginenean.
Gazta merkaturatu duzue, baina arkumearekin zer moduz?
Arkumearena lotsagarria izan da. Administrazioak lehen sektorea nola babesten duen… Nire bizipen pertsonala da, eta administrazioak sektore hau ez du aintzat hartu, gogor kritikatzen dut Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumo eredua, eta esan behar dut jendea beldurtuta inguratu dela baserrira, eta bitartean, zentro komertzial handiak irekita egon dira. Errespetu guztiarekin esaten dut, baina iruditzen zait kontsumo ereduaren inguruan asko dagoela egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Partzuergoa ere gelditu egin dira, horrek dakartzan atzerapen guztiekin, bai finantzazioan bai diru-laguntzetan. Adibide bat jartzeko, abenduan ebatzitako diru-laguntza bat oraindik kobratu gabe gaude. Gainontzean positibo gaude. Errealdiak baditugu, baina besteak indar handiagoa dauka.
Mezu positibo horrekin geratu behar.
Hori da, familia berri batek hartu duela Olaldeko proiektua Aitorrekin batera. Gu hemen hiru artzain gaude, hori garbi geratu dadila.
· Helbidea: Olalde baserria
· Telefonoa: 659 535 073