Abiatu da Urbia aldera Etxezarretaren artaldea
Abaroa baserrian ekoizten den Txoko markako gaztaren arduraduna da Santi Etxezarreta artzaina. Olaberrian kokatzen den baserrian igarotzen dute negua bere 500 ardiek. Udaberriaren etorrerarekin eta larreen irekierarekin batera, azken egunotan abiatu da Etxezarretaren artaldea Urbia aldera. Idoia Lasa bere emaztearen, eta seme-alaben laguntzaz egiten ditu sei ordu baino gehiagoko ibilaldiak.
Transhumantzia ibiliz egiten du Etxezarretak, urtero, maiatzaren azken egunetan. Idiazabaletik hasita, Done Jakue bidea jarraitzen du, San Adrian koba gurutzatu eta Aizkorriko hegalean kokatzen diren Urbiako larreetara heldu arte. Bertan du artzainak Txoko izeneko borda.