Eguneko udalekuak egongo dira hirugarren fasean
Ekainaren 8tik aurrera, hirugarren fasean, aire zabaleko eta leku itxietako jarduerak baimenduko dira. Bestalde, ordutegi guztiak bertan behera geratuko dira, 70 urtetik gorakoentzat barne.
Espainiako Gobernuak aldizkari ofizialean argitaratu duenaren arabera, hirugarren fasean haur eta gazteentzako jarduerak baimenduko dituzte. Ekainaren 8tik aurrera izango da hori; aire zabaletan eta leku itxietan aisialdi jarduerak egitea posible izango da, betiere egun batekoak badira.
Aurrez aipatutako eguneko udalekuei dagokionez, aire zabalean eginez gero 200 pertsonako edukiera izango dute. Leku itxietan bada, ordea, 80 izango da muga (begiraleak barne). Haur eta gazte horiek hamar pertsonako taldeetan egongo dira banaturik.
Taberna eta jatetxeek edukieraren erdia izango dute, eta terrazetan edukiera %70era handituko da. Horrez gain, tabernako barran kontsumitzea baimenduta egongo da bi metroko segurtasun distantzia mantentzen bada bezeroen artean. Diskotekek eta gauez irekitzen diren tabernek itxita jarraituko dute.
Saltokiak, bestalde, nolanahikoak izanda ere, ateak zabaltzeko aukera izango dute (%50 edukiera errespetatuz).
Ordutegi guztiak bertan behera geratuko dira, 70 urtetik gorakoentzat barne.
Hala ere, Espainiako Gobernuak jarritako arauak zehaztu ahal izango ditu Eusko Jaurlaritzak.