Erkidegoak kudeatuko ditu hirugarren fasetik ateratzeko neurriak
Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk. Asteazkenean aurkeztuko du luzapenaren proposamena Sanchezek Espainiako Kongresuan.
Hirugarren fasetik aurrera, autonomia erkidegoko presidenteak hartuko ditu alarma egoeratik ateratzeko erabakiak. Hau da, ekainaren 8tik 21ra luzatu daitekeen seigarren alarma egoeran, Iñigo Urkulluk iragarriko du zeintzuk izango diren hartu beharreko neurri berriak. Mugitzeko askatasuna, ordea, ez da erkidegoaren menpe egongo, Espainiako Gobernuak kudeatuko du hori oraindik.
Asteazkenean proposatuko du Pedro Sanchezek seigarren alarma egoera, EAJren babesarekin. Akordioa Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak, Aitor Esteban EAJko Kongresuko bozeramaileak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Jose Antonio Montilla Espainiako Gorteekiko Harremanetarako estatu idazkariak izenpetu dute.