Aralarko dokumentala Europako Natura 2000 sarien finalean
Landarlanek eta On Produkzioek egindako 'Aralar, mundua leku den lurra' dokumentala, Europa mailako Natura 2000 sarietarako finalista izango da.
Europako Batasunean azken bi urteetan egin diren 27 ingurumen proiekturik onenen artean hautatu dute Aralar, mundua leku den lurra dokumentala. Landarlanek eta On Produkzioek ekoitzitako lana Natura 2000 sarietako finalisten artean izango da, gaur jakinarazi dutenez. Sariketa hori bost sailetan banatuta dago, eta Aralarren inguruko dokumentala komunikazioko lan onenaren sarirako finalista izendatu dute, beste lau proiekturekin batera.
Bost kategoria horietako irabazleek jasoko duten sariaz gain, hiritarren saria ere emango du komisioak. Europar Batasuneko hiritarrek gehien bozkatutako proiektuak jasoko du sari hori. Aralarko dokumentalaren egileek nabarmendu dute Euskal Herriko ordezkari bakarrak izango direla Natura 2000 sarien finalean, eta herritarrei dei egin diete lehiaketaren webgunean sartu eta haien aldeko boza eman dezaten. “Sari banaketa egunean Bruselan bertan egon nahiko genuke, eta horretarako zure laguntza behar dugu”.
Ibilbide oparoa
Estreinatu zutenetik, ibilbide oparoa izan du Aralar, mundua leku den lurra dokumentalak. Dagoeneko 80 antzokitan proiektatu dute eta 7.000 ikusle baino gehiago izan ditu. Euskal Herrian ez ezik, atzerrian ere saritu dute lana, eta orain, “proiektuaren azken txanpan” jaso dute Europako izendapenaren berria.