Beasaingo eta Zegamako mendi duatloiak irailean eta urrian egingo dituzte
Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituak 2020ko behin behineko egutegia aurkeztu du. Probak antolatzerakoan "parte-hartzaileen babesari eta segurtasunari lehentasuna" emango diote.
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituak badu 2020ko proben egutegia, behin behinekoa bada ere. Covid-19a dela eta, orain arte ezin izan dituzte datak zehaztu, baina azken egunetan jasotako informazioaren arabera “baikorrak” izateko motiboak daudela uste dute. Egutegi horren arabera, Igartzako Mendi Duatloia irailaren 12an egingo dute, Arriarangoa irailaren 26an, eta Zegamakoa urriaren 3an.
EHMDZren lehendabiziko helburua “Mendi Duatloiaren parte zareten antolatzaile eta parte-hartzaileen babesari eta segurtasunari lehentasuna ematea” izango dela azaldu dute. Horretarako, arriskuak arintzeko neurrien protokolo bat ezarriko dute, eta proba guztietan erabiliko dute. Gida hori, “dokumentu bizia” izango dela diote, “Osasun Ministerioak eta gainerako agintari eskudunek” erabakitzen dituzten arau eta jarraibideetara egokitzeko.
Proba bakoitza antolatzeko baimena ematea, lurralde bakoitzeko agintariei dagokio, eta baita gehienezko parte-hartzaile kopurua ezartzea ere. Horrenbestez, lasterketa bakoitzaren arduradunek euren lurraldeko agintariekin adostu beharko dituzte neurriak. Irteera guneetan, boxeetan, anoa postuetan, helmugan edota dortsalak jasotzerakoan hartu beharreko neurriak ere zehaztuko dituzte, protokolo berrien bitartez.