«Garrantzitsua da goitibeheren berri umeen artean zabaltzea»
Goitibehera denboraldiaren hasiera zapuztu du aurten koronabirusak. Maldan Behera taldeak antolatutako Legazpiko eta Ormaiztegiko probak bertan behera geratu dira; urrian egin nahi dituztela azaldu du Julen Agirreburualdek.
Denboraldia hastear dago oraindik goitibeheretan.
Apiril-maiatzean hasten da. Maldan Behera inertzia taldekook lasterketak eta gaztetxoentzako Sputnik ekitaldiak antolatzen ditugu, beti herriko jaien inguruan eta eskola ikasturte amaieran ibiltzen gara. Koronabirusak bete-betean harrapatu gaitu.
Legazpikoa zen lehena.
Gure denboraldia Legazpiko lasterketarekin hasten da beti, Santikutz jaien hurrengo asteburuan. Aurten maiatzaren 9an zen egiteko. Koronabirusa hasi zenean, 15 egun izango zirela esaten zen, eta proba egingo genuela erabaki genuen; trofeoak eskatuta genituen, kartela diseinatuta, araudia idatzita… Baina ekonomikoki aurrera ateratzea zaila izango zela ikusita, eta medikua lortzea ere bai… aldaketa batzuk egitea erabaki genuen. Hala, Aztiritik behera izan beharrean, herrian bertan egingo genuen, Hegialden. Baina egoera luzatzen joan zen, Santikutzak bertan behera geratu ziren…
Hurrengoa, Ormaiztegikoa, asteburu honetan zen egitekoa.
Bai, baina oraindik alarma egoeran gaude, eta ez da egingo. Lehen aldiz egin behar zen lasterketa zen.
Goierrin beste bat ere egitekoak zineten, Lazkaon.
Bai. Iaz Europako Kopako lasterketa egin genuen Legazpin eta ikusmira handia sortu zuen inguru honetan. Jarraitzaile berriak lortu genituen, eta horiek eskatu ziguten inguruan proba gehiago egiteko. Hemen gertu, Oñatin eta Bergaran egiten dira, baina Goierrin, Idiazabalgoa bakarrik. Zegaman ere egiten zen, abuztuko jaietan, eta hasi ginen berreskuratzeko lanetan, baina ezin izan da. Beasainen ere egiten zen lehen, txosna batzordearekin, baina hori ere baztertu egin genuen. Ormaiztegin egiteko aukera ere aztertzen hasi ginen, eta txosten bat prestatu, eta udalak baiezkoa eman zigun. Dosier hura nola geratu zen ikusita, eta taldekide bat lazkaotarra izanda, Lazkaon egitea planteatu genuen, eta udalak baiezkoa esan zigun, baina eguna finkatzeko genuen oraindik. Koronabirusa dela eta, airean geratu da hori ere.
Goierrin, hiru proba geratu dira, beraz, egin gabe.
Bai, Legazpikoa eta Ormaiztegikoa, eta oraindik datarik ez zuen Lazkaokoa.
Irtenbidea aurkitu duzue.
Ormaiztegiko Udalak proba atzeratzea erabaki zuen. Legazpikoak zer erabaki duen ez dakigu oraindik, baina guk gure aldetik atzeratzea pentsatu dugu. Beraz, uda eta gero begia jarrita, egutegiarekin hasi ginen, proba horiek eta Lazkaokoa ere non sartu ikusteko. Iraila beteta ikusten genuen, atzeratutako kirol proba guztiekin. Urriraino joan ginen, eta hiru lasterketak elkartzea pentsatu genuen, ekonomikoki bideragarriagoa izango delako: dortsal eta kartel berdinak erabili daitezke, trofeoak ere multzo handiagoan erosita merkeago dira… Aurrekontuak egiten hasi eta hiru lasterketa bi lasterketen prezioan egitea posible zela ikusi genuen, eta Legazpiko Udalaren erantzunaren zain, urriko zubia aukeratu dugu. Horrek kanpoko jendea erakarri dezake, eta inguruko ekonomiari bultzada bat ere eman ahal zaio.
Goierritik kanpo, zein da egoera?
Maldan Beherakook Euskal Inertzia Kopa bultzatzen dugu Bizkaiko beste elkarte batekin, eta Koparen hasierako bi lasterketak bertan behera geratu dira. Abuztu bukaeran Erandion egin behar zen lasterketa ere erori egin da arrazoi ekonomikoengatik, eta ikusteko dago beste probekin zer gertatuko den.
Maldan Beherak badu beste lerro bat, Sputnik goitibeherena, eta horretan ere izan du eragina egoera honek.
Bai. Duela urte batzuk Sputnik goitibeheren patentea eskuratu genuen, eta goitibehera horiekin ekitaldiak egiten ditugu, baina koronabirusa heltzearekin batera, kontratazioa eten egin genuen; urtean hamar egitetik, momentuz ez daukagu bat ere programatuta. Legazpin bi egiten ditugu, Santikutz jaietan eta Hegialdekoetan, eta biak mantendu nahi ditugu. Horretaz gain, salmenta dugu, baita Sptunik Kopa ere, baina lasterketarik ez badago, koparik ere ez.
Salmentan nabaritu al duzue ondoriorik?
Bai. Hasieran tailerrera ezin ginen joan muntaketak egitera, eta gainera, materiala ez da iristen. Hala ere, azken bi-hiru astetan gorakada izan dugu salmentetan; umeak irten daitezke kalera, baina parkeak itxita daude, futbolean ere ezin dute egin taldeka… eta bakarkako kiroletara jo da. Guraso batzuk goitibeherekin gogoratu dira.
Nolakoak dira Sputnik goitibeherak?
Betiko goitibeheren eboluzio bat dira. Xasisa urki europarraren egurrez egindakoa da, eta egur piezak tornuan fresatuta daude. Gurpilak long board-enak jarri dizkiogu, ez dute lurra markatzen eta abiadura handiagoa lortzen da, edo malda handiegirik ez dagoen lekuetan ibili ahal izatea. Gomazko balazta ere jarri diegu .
Zenbatean saltzen dituzue?
Muntatuta edo kit moduan saltzen ditugu, etxean muntatzeko, 40 eurotik 100 euro artean.
Sptunik ekitaldiei dagokienez, zein asmo duzue?
Ekitaldi horiek garrantzitsuak dira goitibeheren mundua umeen artean sustatzeko, askok ez dituztelako ezagutzen. Gainera, gure elkartea irabazi asmorik gabekoa denez, ekonomikoki beharrezkoak ditugu webgunea mantentzeko eta gure lasterketak aurrera atera ahal izateko. Horregatik, momentuz Legazpiko bi ekitaldiak irailean egiteko asmoa dugu.
Zuk lehiatu egiten duzu. Zertan eragin dizu koronabirusak?
Orain lehen baino gutxiago lehiatzen dut, baina Europako txapelketara joaten saiatzen naiz urtero, edo Europa mailako lasterketa batera behintzat. Kopa bertan behera geratu da, eta Espainia mailako lehiaketan ere etenaldia egin dugu taldekook. Euskal Herriko probak lehiatuko ditugu bakarrik, Maldan Beherak kudeatzen dituenak behintzat, Araban Izarra-Urkabustaizen, Mutrikun…