«Aizaleku mendi polita da berez, eta niretzako oso toki berezia »
Aizaleku tontorrean igandean zatekeen urteko festa ez da ospatuko, ezintasunagatik baino gehiago begiruneagatik. Maria Jesus Debak azaldu duenez, Aztiriko uztaileko festak ere zintzilik daude oraindik.
Aurten ez da Aizalekuko festarik. Egoera ez dago hartarako?
Ez da egingo, ez. Auzoko festak ere seguru asko ez dira ospatuko, eta Aizalekukoa ere batere ez egitea pentsatu dugu. Datorren urterako utzi beharko da. Gainontzeko denak kentzen ari dira, eta ez da logikoa hau egitea.
Koherentziagatik gehiago, beraz, ezintasunagatik baino.
Jende kopuru handi samarra joaten bada ere, Aizalekuk berez ematen du urruntasuna mantentzeko aukera, elkarren artean bi metro uztekoa. Baina aukera egon arren, ez zitzaigun oso koherentea iruditzen. Beraz, aurten, beste denak bezala utzi, eta datorren urtean egoera normaltasunera etorriko ahal da. Ez dakit, ordea, nik nire dudak ditut.
Bosgarren festa ospatuko zatekeen, igande honetan.
Bai. Aizalekuko gurutzea jarri zutenetik 50 urte bete zirenean hasi ginen festarekin, 2016an. Orduan erabaki genuen geuk ahal genuen neurrian, urtero egitea. Mezatxo bat, gosaria, dantzariak, soinu pixka bat, txistulariak… Aurten ere prest zeuden horiek, baina ezingo da.
Aztiriarrek antolatzen duzue, baina Legazpiko eta Gabiriako jendea ere joaten da.
Legazpiarrek ohitura handia zeukaten lehen ere Aizalekura etortzeko, oso eroso baitaukate. Bai txirrinduan, bai oinez, asko igotzen dira. Gabiriakoak agian gutxixeago; Otañu aldera gehiago joko dute handik. Baina bientzat erdian dago, eta aitzakiatxo bat da elkartzeko, egun horretan mendira joan, salda hartu eta txorixo egosi pintxo bat janez.
Sustraitu da festa?
Bai. Egun hori gogoan hartzen du jendeak, ez da esan beharrik egoten. Eduki dugu tartean urte bat jende gutxiago joan zena, sekulako eguraldi txarra egin zuelako; Aizalekuko puntan euriarekin ez da giro. Baina joan ginen orduan ere, karpa bat jarrita egin zen festa, eta kunplitu genuen.
Igandekoa galtzeak pena emango dizu, antolatzaile gisa.
Bai, pena. Niretzat berezia da Aizaleku. Justu, nire urteen egunean inauguratu zuten gurutzea. Umetxoa nintzen, sei urtekoa, baina han nintzen. Gogoratzen dut, jada obran ari zirenetik, zerbait berezia zela. Gure jaiotetxea, Legorburu baserria izan zen denentzako elkartzeko lekua, handik igotzen ziren eta materialak hor uzten zituzten. Ume-umetatik gauza bat daukat gogoan: jendea nola etortzen zen, asto ilara nola abiatzen zen gauzak igotzeko… Orduan ez nion gurutzeari garrantzirik ematen, umea nintzen eta. Baina Aizaleku polita da berez. Umetatik, mendira joan behar zela, edo aitari laguntzera, edo pinu sartzen ari ziren langileei bazkaria eramatera, askotan joan behar izaten nuen.
Bestela, Aztirian zer egoera izan duzue konfinamenduan?
Denok nabaritu dugu, Aztirian ere inor gabe egon gara eta. Kalean bizi dena baino askoz hobeto bizi izan gara. Etxe inguruan ibiltzeak asko laguntzen du. Kale-etxean balkoira bakarrik irteteko aukera eduki, edo hemen etxe bueltan ibili, diferentzia handia da. Baina inor ez genuen ikusten, ez kotxe bat, ez oinezko bat… Astean zehar, bestetan ere jende gutxi ibiltzen da bazkal ordura arte, baina asteburuetan ere inor etortzen ez zenean, ‘zer da hau?’ esaten genuen.
Gain hartu al dio auzoak?
Orain, alderantzizkoa gertatzen da: orduan ikusi ez genituen denak hemen daude. Larunbat-igandeetan leporaino egoten da Aztiria. Eguraldi ona eduki dugu zorionez, eta goizean 06:30a ingururako jendea pasatzen hasten da. Jendeak beharra bazeukan irteteko, gora igotzeko, ibiltzeko… Kaiolan sartuta egon ondoren, askatasun pixka bat daukanean aprobetxatu du.
Uztaileko Santa Marina jaiak ere zintzilik al daude?
Bai, oso zaila izango da egitea. Ekain erdi aldera arte utzita dago erabakia, zerbait egin litekeen ikusteko. Baina hasieratik antolatzen dabiltzanek, elkarteko arduradunek eta, esaten dute seguru asko ezingo direla egin. Pentsatzen dut oraindik arriskuko datak direla, garaizegi.
Lastima, hori ere.
Bai, noski. Urte guztian horretxen zain egoten gara. Festak politak izaten dira auzo txiki hauetan, nahiz eta ez egon horrenbesterainoko ekintza pilarik eta potolorik; xumeak izaten dira, baina horiek dira politak. Norbera, gainera, bertakoa denean, beste gauza bat da eta beste begi batzuekin ikusten da.
Baina uste dut mentalizatuta gaudela, eta kasi nahiago ere bai ez egitea. Burua horretara jarri dugu, eta kito. Horrenbesterainoko zurrumurrua daukagu denbora guztian honekin, jada zailagoa baita buelta eman eta burua festarako jartzea. Bestela, egin dugun lanak, horrenbeste sufritu denak, ondorio txarrak izan ditzake, eta lortu dena ezerezean gelditu. Hemen, zortez, inor ez da gaixotu. Esfortzu horrek merezi du pixka bat itxoitea.
Jatetxean lanean ari zara?
Abenduan utzi nuen. Orain etxean nago, bizimodu berrira ohitzen. Normalean, esaten da onera erraz ohitzen dela, eta gehiegi ez zait kosta, egia esan. Bizitza berri hau ez nuen espero niretzako izan zitekeenik. Aurten festak beste modu batera ospatzeko moduan nintzen, lanik gabe. Baina etxean ospatuko dugu Santa Marina.
Zer gustatzen zaizu festetatik gehien?
Auzo afaria oso giro politekoa da. Gazteek egiten duten futbol partidaren ondoren luntxa ematen genien, eta gu ere bat gehiago ginen. Santamaña egunean, meza ondoren bertako jendearekin egotea ere oso polita da. Giroa, azken batean. Gabirian San Roke Txiki eguna bezala; gutxitan eduki dut joateko aukera, baina joan naizenetan oso ondo pasatu dut, giro goxoa aurkitu dut: herriko jendea, auzokoa, gertukoa, sanoa…. Adin batean sartuta gaude jada, edozerekin konformatzen garena [barrez]. Lanagatik aukera gutxi eduki dugu gauzak egiteko, eta, orain, dauzkagunei balioa eman eta gozatzea tokatzen da.