Autoak martxan, baina motelago
Maiatzaren 25ean auto eskolak irekitzeko baimena eman zuten. Protokoloa dela eta gidabaimena ateratzeko prozesua motelagoa izango da, azterketa bakoitzeko bi edo hiru ikasleko txandak egingo dituztelako.
Auto eskolak itxita egon dira alarma egoera ezarri zenetik maiatzaren 25era arte. Klase eta azterketak bertan behera geratu ziren osasun larrialdian. Parte teorikoa prestatzeko aukera izan dute ikasleek etxetik, baina azterketak egiteko txandak murriztu direnez, prozesua motelagoa izango da azterketetarako.
Aurreko astean izan zuten auto eskolek irekitzeko baimena. Maiatzaren 25ean ireki zituzten hainbat. Ordiziako Solozabal auto eskolan, aldiz, aste honetan hasi dira lanean. Olaia Etxeberriak eta Ikerne Ormazabalek azaldu dute azterketarik aurreikusita ez zegoelako erabaki dutela astebete beranduago hastea.
Azterketak bertan behera
Martxoaren 16an ezarri zen alarma egoera. Martxoaren 17an eta 18an Beasainen egiteko aurreikusita zeuden azterketak bertan behera gelditu ziren: «Azkeneko azterketak martxoaren 13an izan ziren, Donostian», azaldu du Olaia Etxeberriak.
Beasaingo Goitia auto eskola, aldiz, maiatzaren 25ean ireki zuten. Zorione Goitiak azaldu du aste honetan hasiko direla azterketak egiten: «Gaur egingo dugu lehenengo azterketa teorikoa geldituta egon denetik».
Teoria, online
Azterketa teorikoa prestatzen ari zirenek aukera izan dute etxetik lanean jarraitzeko. Bai Goitian eta baita Solozabalen ere, testak egin ahal izan dituzte.
Goitiak adierazi du administratiboki ere tramite guztiak geldituta egon direla, eta orain ikasleen epe administratibo horiek luzatuko dituztela.
Klaseak ematen hasi badira ere, neurri zehatzak hartu behar dituzte. Ikasgelan bi metroko distantzia mantendu behar dutenez, ikasle gutxiago egon daitezke gela berean eta, ondorioz, ikasleen prozesua motelagoa da: «Hemen udan intentsiboetan 25 bat pertsona izaten dira, eta orain ezingo da», jakinarazi du Etxeberriak.
Hori dela eta, klaseak telematikoki emateko aukera ez dute baztertu Solozabalen: «Oraindik ez daukagu martxan, baina klase teorikoak online ematea pentsatu dugu».
Boligrafoa ere etxetik
Ikasgelako neurriez gain, arlo praktikoan autoa desinfektatu behar dute ikasle bakoitzeko. Ikasle bakoitzak ukitzen duena garbitu behar dute: bolantea, eserlekua, palanka…
Horrela, lehen baino ikasle gutxiago izango dituzte eguneko, denbora gehiago behar dutelako protokoloa betetzeko: «Lehen lau ordutan lau ikasle baziren, orain kopurua gutxitu egingo da», esan dute Etxeberriak eta Ormazabalek.
Bestalde, azterketa teorikoa egiteko boligrafoa, maskara eta eskularruak eraman beharko dituzte ikasleek, Etxeberriak azaldu bezala: «Ez badute eramaten zuzenean ezingo dute azterketarik egin». Lehen NANa eskatzen zuten soilik. Ikasgelara eta auto praktiketara ere material bera eraman behar dute.
Irailerako nahi dute
Ikasleek lehenbailehen hasi eta gidabaimena atera nahi dute, baina koronabirusaren aurkako neurriak direla eta ez da posible izango egun batetik bestera: «Irakasle bakoitzeko bi edo hiru pertsona bakarrik joan daitezke azterketara», esan du Etxeberriak. Gehitu du denbora pasa ahala azterketara joan daitezkeen ikasleen kantitatea handituko dutela.
Batzuek azterketa praktikoa prestatu zuten alarma egoera ezarri baino lehen, baina azterketa ez dutenez egin, praktika gehiago egin beharko dituzte. Itxarote zerrenda luzea da: «Prestatuta dagoen jendeak klase batzuk egin beharko ditu berriz ere», azaldu du Etxeberriak.
Beste batzuek, ordea, teorikoa eginda izanik praktikoa atera nahi dute ahalik eta azkarren: «Konfinamenduan parte teorikoa prestatu duenak orain jarraian azterketa egin eta praktikak egin nahi ditu».
Zorione Goitiak azaldu du lehenengo azterketa praktikoak ekaina erdialdetik aurrera egingo dituztela.
Aztertzaile gutxi
Neurrien eraginez gain, badago prozesua motelduko duen beste faktore bat: aztertzaile gutxi daude. Goitiak, halere, adierazi du dagoeneko aztertzaile gehiago eskatu dituztela. Egoera dela eta, Etxeberriak azaldu du abuztuan ere azterketak egingo dituztela itxita egondako denbora konpentsatzeko: «Ez dira geldituko printzipioz, baina oporrak hartuko dituzte aztertzaileek ere, orduan aztertzaile gutxirekin ariko dira».
Auto eskoletako langileek ere hartuko dituzte oporrak. Solozabalek aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea eskatu zuenez, opor egun gutxiago izango dituzte, baina horrek ere eragina izango du.
Beraz, uda partean eskaera handia izango dute Goierriko auto eskolek. Aurretik azterketa egiteko txanda zutenek zein orain teorikoa gainditu eta praktikoa egin nahi dutenek atera nahiko dute gidabaimena, baina prozesua geldoagoa izango da zerrenda handitu delako eta txandetako pertsona kopurua murriztu dutelako. Dena den, autoeskoletako langileak zein aztertzaileak lanean ari dira izandako galerak eta atzerapenak berreskuratu eta egoera arintze aldera.