Azokan erosiz ikas daiteke
Garaian garaiko azenario berria, piper mota ezberdinak, kuiatxoa eta gerezi tomatea izan ziren atzo Ordiziako Azokako postuetako nobedadeen artean.
Eguraldi lainotua, baina justu libratu zen 13:00k aldera bota zuen zaparrada. Hala ere lurrak euria estimatuko luke. Postuak ari dira udaberri uda itxura hartzen. Asteroko eskaintzan erreparatuz, neguko produktuak atzera gelditu dira eta udaberri udakoak nagusitzen ari dira. Gaur egun lurrarekin harreman zuzenik ez duenak, zaila du zein den barazki eta fruta bakoitzaren garaia jakitea. Hemengo ekoizle batzuen postuetan ere ikus daitezkeelako urte guztian beren baratzekoak ez diren barazkiak. Saltze lanaz harago irakasle lana ere egin dezakete gure ekoizleek, eta batzuk egiten dute, bakoitzak zer duen etxekoa eta zer ez argi esanda.
Atzo nobedade izan ziren produktu gehienak ia urte guztian eskaintzen dira barazki eta fruta dendetan eta merkatuko postu askotan. Aldiz orain hasten da hemengo negutegikoak oraindik piperren denboraldia. Atzo aukeran ziren Azkoitiko Kurutziako Gernika-piperra eta luze gozoa 6 euroan kiloa; eta Ibarrako Monteseneko piperminak 12 euroan kiloa.
Hemengo tomateak, orain dela hilabete hasi ziren, Zeraingo Mendarteko lehen gerezi-tomateak 4,5 euroan kiloa eta lehen azenarioak 2 euroan sorta. Aire libreko lehen kuiatxoak saldu zituen Itsasoko M. Jesus Oriak euroan bakoitza. Frutetan oraintxe da hemengo hauen garaia eta aukeran daude: gerezia (Gabiriko Oñatibi txikikoa) eta Marrubiena eta mugurdia (Aramako Goikoetxeberrikoa).
Mihilua eta tipulatxa atzoko landare berriak. Landare salmentak bizi-bizi badirau ere, kolperik indartsuena pasatu dela irudi du. Laster udakoei ez ezik udazken-neguko barazkiei ere baratzetan tokia egin beharko zaie.
Mikologia atalean udaberriko ziza izan da izarra. Denboraldia aurrera doa. Halere ez da beste urtetan bezain erraza izan aurten udaberriko ziza bila edota erostea irtetea eta ziza gogoak hor dirau. Aukeran daudenen artean udaberriko ziza da kopuruz, prezioz eta estimazioz gailurrean dena. Atzo 260 kilo inguru onentxoenak 34 euroan kiloa. Hemengo lehen gibelurdin (26 euro kiloa) eta onddo (20 euroan kiloa) gutxi batzuk ere ekarri zituzten.