Erosketa-ohiturei herrian eusteko bonu kanpaina hasi da Zaldibian
Bertako merkataritzaren alde, herritarren 20 euroko gastuari 10 erantsiko dizkio udalak. Bonu-txartelak bihar-etzi salduko dituzte. 18.000 euroko inbertsioa da.
Koronabirusaren geldialdiak Zaldibiako ekoizle, merkatari eta zerbitzuetan eragin duen kaltea arintzeko, udalak indarberritze kanpaina bat jarri du abian, Zaldibia herri bizia, jarri zure hazia goiburuarekin. Injekzio ekonomiko bat eragitea izango du helburu. Herritarrak gastatzen duen 30 euroko, 10 euro udalak jarriko ditu.
Bonu-txartelen bidez funtzionatuko du kanpainak. 20 euroren truke, 30 euroko gastu-balioa edukiko du herritarrak. Sorta hori hiru txarteletan banatuta egongo da, 10 euroko erosketetan zatitzeko aukera izan dadin.
Zaldibiako Udalak denera 18.000 euroko diru ekarpena egingo du, 1.800 bonu aterako baititu. «Berez, herritarrek jarriko dute parte handiena (20 euro), eurek ereingo dute hazia. Udalak lagundu egingo du», azaldu du Eztitxu Mujika alkateak, aurkezpen telematikoan.
Covid-19aren izurrite garaian, neurri murriztaileek Zaldibian izan duten eragina arintzea da kanpainaren xedea. «Esan beharrik ez dago gure udalerrian dauden ekoizle, komertzio, ostalari eta zerbitzu emaileek ere lehen pertsonan jasan dituztela itxialdiaren ondorioak».
Salmenta bihar eta etzi
Hamasei urtetik gorako herritarrek erosi ahalko dute 30 euroko balioko bonu-sorta, 20 euro ordainduta. Ekainean zehar, bakoitzak gehienez bi sorta erosi ahalko ditu. Soberan geratzen badira, udaletxean erosi ahako dira gehiago, agortu arte.
Bonuak plazan erosi ahalko dira, bihar 10:00-13:00 eta 17:00-20:00 artean, eta etzi larunbata 10:00etatik 13:00etara. Ondoren, 2020. urtea bukatu aurretik gastatu edo erabili beharko dira.
Kanpainara atxikitutako komertzio, ekoizle eta zerbitzu zerrenda bat finkatu du udalak, eta horietan gastatu ahalko dira. «Itxialdiaren ondoren, erosketa-joera lehenagokora itzultzen ari dela nabaritu dugu, kanpoko saltoki handietara, alegia. Pandemiako ohiturak ez ahaztea nahi dugu, bertan erostea», azaldu du Mujika alkateak.