Eta Nafarroara, noiz?
Ondo bidean, Hegoaldeko lau herrialdeak hirugarren fasean sartuko dira astelehenean. Eusko Jaurlaritzak mugakide diren erkidegoetara eta Euroeskualdekoetara mugitu ahal izatea eskatu du, baina Madrilek ez du onartu.
Luze doa alarma egoera. Futbol partida amaiezina dirudi. Luzapen baten ondoren, beste bat. Espainiako Gobernuak alarma egoera hilaren 21a arte luzatu nahi zuen eta lortu du. Luzapen bat amaitzera doanean, azken unean, batekin edo bestearekin akordioa lortu eta beste luzapen bat lortzen du. Seigarrena eta teorian azkenekoa, atzo bertan onartu zen. Gobernuko alderdiek EAJren eta Ciudadanosen aldeko bozkari eta ERCren abstentzioari esker lortu zuten alarma egoera luzatzea. Seigarren luzapen honekin alarma egoerak 100 eguneko langa gaindituko du.
EAJri eta ERCri hirugarren fasea erkidegoek kudeatuko dutela agindu die Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. Ciudadanosi, berriz, hirugarren fase hau erkidego guztietan berdina izango dela agindu dio. Itxuraz, bata bestearen kontrakoa da.
Eusko Jaurlaritzak hirugarren fasean sartzeko eskaera luzatu dio Espainiako Gobernuari. Hirugarren fase honetako berrikuntza nagusietako bat mugikortasunarekin lotua dago: ondo bidean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek libre izango dute probintzia batetik bestera mugitzea astelehenetik aurrera.
Eusko Jaurlaritzak mugikortasuna handiagoa izatea nahi du eta Frantziako eta Espainiako gobernuei Euroeskualdea osatzen duten hiru administrazioetan (Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Akitania Berria) herritarrek leku batetik bestera mugitzeko aukera izatea eskatu die.
Jaurlaritzak fase berean dauden eta mugakide diren autonomia erkidegoen arteko mugimendua baimentzea ere eskatu du.
Baina, Frantziako Gobernuak ezer erantzun aurretik, Espainiako Gobernuak jadanik ezezkoa eman dio Eusko Jaurlaritzaren eskaerari. Asteartean, Osasun ministro Salvador Illak «autonomia erkidegoen artean ibiltzeko» aukera «normaltasun berriarekin» batera baino ez dela iritsiko esan zuen.
Hain gertu, hain urrun
Goierri Nafarroaren ondoan dago eta asko dira Nafarroara joateko ohitura duten goierritarrak. Alarma egoera ezarri zenetik, lan kontuengatik bakarrik joan daitezke. Ataundarrak eta zegamarrak dira egoera hau gehien pairatzen ari direnak, beraiek baitira Nafarroa gertuen dutenak eta Nafarroara joateko joera handiena dutenak. Askok Nafarroan senitartekoak dituzte, gainera.
Hala, nafarrek Goierrin sartzea debekatua izateak ere kalte egiten die. Adibidez, Otsaurteko bentakoei. «Honek guztiak kalte handia egiten digu. Izan ere, gure bezero asko Nafarroatik etortzen dira. Bezeroen erdiak nafarrak direla esango nuke. Izan ere, Otsaurtera etortzeko goierritarrek baino denbora gutxiago behar dute», dio Jon Oiarbidek.
Dena den, lasai ageri da. «Asteburuan lan asko egin genuen eta Nafarroako muga, datorren astean ez bada, hurrengoan irekiko da».
Edo ekainaren 22an, normaltasun berria heltzen denean. Euskal Herriarentzat normaltasun berria zaharra bezain anormala izango da, hiru administraziotan banatuta eta bi Estaturen menpe jarraituko baitu.
HIRUGARREN FASEA
MUGIKORTASUNA. Gipuzkoarrak Arabara eta Bizkaira joan ahal izango gara. Eusko Jaurlaritzak Euroeskualdean herritarrek leku batetik bestera mugitzeko aukera izatea eskatu dio Espainiako Gobernuari, baina honek ez du onartu. Mugakide diren eta fase berean dauden autonomia erkidegoetara mugitu ahal izatea ere eskatu dute, eta hasieran baiezkoa bazirudien ere, azkenenan hori ere ez du onartu.
LIBURUTEGIAK. Fase honetan dagoeneko liburutegietan bertan irakurri ahal izango da. Aforoa %50ekoa izango da.
ARETOAK. Antzoki eta aretoetan edukiera %50ekoa izango da eta gehienez 80 lagun sartuko dira. Aurrez esandako eserlekuan eseri beharko dira.
AIRE LIBREKO EKITALDIAK. Aforoa %50ekoa izango da eta gehienez 1.000 lagun elkartuko dira. Guztiak eserita egongo dira.
TOPAKETAK. Gehienez 20 lagun elkartu ahal izango dira, etxebizitzetan, lokal pribatuetan eta aire librean.
GARRAIO PUBLIKOA. Aforoa %100era igoko da eta maskararen erabilpena derrigorrezkoa izango da.
UDALEKUAK. %50ean arituko dira: leku itxietan gehienez 80 lagun eta irekietan 200.
DENDAK. Aforoa %60ra igoko da eta merkataritza-guneetako espazio komunak erabili ahal izango dira.
TABERNA ETA JATETXEAK. Bezeroak barrara hurbildu ahal izango dira, baina bi metroko distantzia mantendu beharko dute gainontzeko bezero edo bezero taldeekiko. Mahaien artean ere (bai barruan eta bai kanpoan) bi metroko distantzia egon beharko da.
HOTELAK. Zona komunetan aforoa %50ekoa izango da.
HONDARTZAK. Herri bakoitzak bere arauak ezarriko ditu, beti ere osasun irizpideak errespetatuz.