«Etekina ateratzea da arazoa, gaztak bere irteera bat behar du»
Gaztari irteera emateko bilatu dituzte arazoak Idiazabalgo J. Aranburu elkartekoek. Ardiak jezten eta gazta egiten beti bezala ari dira. Museoko salmenta, feriak eta etxetiko salmenta ere gelditu egin dira, ordea.
Zer moduz aritu zarete lanean?
Lana igual izan dugu konfinamendu garaian. Txarrena daukagu museo eran ere lan egiten dugula, eta hori itxita daukagu. Ferietako eta etxetiko salmenta ere gelditu egin da. Bertako jendea etortzen da orain etxera, baina probintziakoak justu; eta kito, gehiago ez.
Zer sumatu duzue aldaketa handiena?
Gehiena nabaritu duguna salmenta jaitsierak dira. Bestela, igual gabiltza: ardiek esnea berdin ematen dute, eta gu ere lanean berdin, ez dugu arazorik izan. Baina etekina ateratzea da arazoa. Noiz eta nola normalduko den arrastorik ez daukagu, bestetik. Inork ez daki. Gaztaren irteera asko hondatu da. Murriztu egin da diru sarrera. Dirua badago, baina gaztatan. Urrezkoak egiten hasi beharko dugun edo…
Ezkor zaudete?
Ez, ezkor ez. Aurrera begira baikor gaude, baina ea deskonfinamendu honekin poliki-poliki bere onera etortzen den. Izan balitz bi hilabete honela pasatu eta kito, tira. Baina berriro nola geratuko den egoera da kezkagarria, zalantza hori. Falta zaiguna da beste brote bat izatea hiru hilabete barru… Poltsikoak ere makal daude erosteko, enpresek kolpea hartu dute. Gurpil bat da hau, eta denei eragiten die. Zain gaude, zer etorriko den.
<Ekoizpenean ezohiko neurririk hartu duzue?
Gazta ez da alferrik galtzen, baina bere irteera bat behar du. Zerbait gutxixeago egingo dugu. Esnea kentzeari uztea pena da orain, orain delako merkeena: kanpoan jaten dute, esne ona… Garai txarra da guretzat, egia esan. Irailean edo urrian, diferentea zatekeen guretzat. Baina bere garaian etorri da izurritea, eta ez dago ezer egiterik.
Zer irtenbide ikusten duzu?
Artaldea handia daukagu, produkzioa dezentea, eta turismoa geldi. Hori daukagu guk txarra. Ez dago irtenbide magikorik hemen, lana egin eta animoz aurrera segi besterik.