Hirugarren faseak dakartzan aldaketak
Mugikortasuna izango da aldaketa nagusia, Gipuzkoan ez ezik, Araban eta Bizkaian barrena ere ibili ahal izango baita; Nafarroara joaterik ez dago, momentuz. Antzokiek eta aretoek edukiera erdian zabaldu ahal izango dute, eta 20 laguneko taldeak elkartu ahal izango dira.
MUGIKORTASUNA
Gipuzkoarrak Arabara eta Bizkaira joan ahal izango gara. Eusko Jaurlaritzak Euroeskualdean herritarrek leku batetik bestera mugitzeko aukera izatea eskatu dio Espainiako Gobernuari, baina honek ez du onartu. Mugakide diren eta fase berean dauden autonomia erkidegoetara mugitu ahal izatea ere eskatu dute, eta hasieran baiezkoa bazirudien ere, azkenenan hori ere ez du onartu.
LIBURUTEGIAK
Fase honetan dagoeneko liburutegietan bertan irakurri ahal izango da. Aforoa %50ekoa izango da.
ARETOAK
Antzoki eta aretoetan edukiera %50ekoa izango da eta gehienez 80 lagun sartuko dira. Aurrez esandako eserlekuan eseri beharko dira.
AIRE LIBREKO EKITALDIAK
Aforoa %50ekoa izango da eta gehienez 1.000 lagun elkartuko dira. Guztiak eserita egongo dira.
TOPAKETAK
Gehienez 20 lagun elkartu ahal izango dira, etxebizitzetan, lokal pribatuetan eta aire librean.
GARRAIO PUBLIKOA
Aforoa %100era igoko da eta maskararen erabilpena derrigorrezkoa izango da.
UDALEKUAK
%50ean arituko dira: leku itxietan gehienez 80 lagun eta irekietan 200.
DENDAK
Aforoa %60ra igoko da eta merkataritza-guneetako espazio komunak erabili ahal izango dira.
TABERNA ETA JATETXEAK
Bezeroak barrara hurbildu ahal izango dira, baina bi metroko distantzia mantendu beharko dute gainontzeko bezero edo bezero taldeekiko. Mahaien artean ere (bai barruan eta bai kanpoan) bi metroko distantzia egon beharko da.
HOTELAK
Zona komunetan aforoa %50ekoa izango da.
HONDARTZAK
Herri bakoitzak bere arauak ezarriko ditu, beti ere osasun irizpideak errespetatuz.