Ahulenen egoeraz hausnartzeko garaia
Afagi elkarteko gizarte langilea da Naroa Diaz eta kontatu du, nola lan egin duten konfinamenduan. Ordiziako Zuhaizti zentroan senitarteko eta gaixoentzat zerbitzua ematen dute baina etenda egon da.
Krisi guztiek egoera ahulenean dauden pertsonengan izan ohi dute eragin gehien, eta hala izan da koronabirusaren krisian ere. Afagi elkarteko (Gipuzkoako Senitartekoen, Lagunen eta Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten Pertsonen Elkarteak) gizarte langilea da Naroa Diaz, eta hark ere baieztatu du hori. Nabarmendu du, hilabeteotan, elkartearen Alzheimerraren aurrean ez zaude bakarrik lemak, «sekula baino indar gehiago hartu» duela, eta egoera berrira ere «egokitu» dutela, «elkarteko kidei gogorazteko koronabirusaren aurrean ere, ez daudela bakarrik».
Ordiziako Zuhaizti zentroan zerbitzua ematen du Afagi elkarteak. Diazek berak argitu duenez, «bi zerbitzu garrantzitsu» ematen dira bertan: «Arreta sikosoziala alzheimerra duten pertsonen senitartekoentzat, eta gaixotasunaren lehen fasean dauden pertsonentzat estimulazio tailerrak».
Baina alarma egoera indarrean sartzera zihoala zabaltzen hasi zenean, «zerbitzua bertan behera uztea erabaki» zuten. «Batez ere, ikusita zein den tailerretan parte hartzen duten pertsonen profila». Zerbitzuaren erabiltzaileen «osasuna bermatze aldera, martxoaren 12an eten» zituzten zerbitzu presentzialak. Harrezkero, «beste bide batzuk erabilita jardun» dute.
Diazek berak kontatu duenez, «telefonoa eta bideodeia» baliatu dituzte, batez ere, «senideekin hitz egiteko». Modu horretan, «profesional batekin hitz egin ahal izan dute, behar izan duten guztietan». Adibidez, «konfinamendu garaian nondik nora jo argitzeko, zer egin gaixoarekin egoera horretan… arreta hori etenik gabe» eman dute, «horrelako egoeran erreferente bat izan zezaten lehenetsi da, bakarrik senti ez zitezen». Gainera, zaintzaileen ongizatea bermatzeko informazioa bideratu dute, «emozionalki hobeto egonda, zaintza ere hobea delako».
Bestalde, gaixoentzat estimulazio tailerrak presentzialki ezin izan dituztenez egin, «Afagiko koordinatzailea, familiekin harremanetan jarri zen, proposatzeko, estimulazioa etxean bertan egitea», horretarako, «pauta orokor batzuk emanez, eta estimulazio ariketak etxean egin ahal izateko materiala erraztuz emailez».
Ahal izan duten kasu guztiekin horrela jokatu dute, «baina egia da, kasu batzuetan ez dela posible izan». Adibidez, «bakarrik bizi diren gaixoen kasuan eta teknologia berriak erabiltzen ez dakitenen kasuan ere».
Alzheimerra duten askok, «ariketak egiteko eta eguneroko errutina bati eusteko, ondoan norbait behar izaten dute askotan, beraien kabuz ariketak egiten hastea zaila baita». Hala ere, saiatu dira, «ahal izan den kasu guztietan egoera berezi honetara moldatuz, errutina bat sortzen», ondorengo gomendioekin: «Ordutegiak ezartzea; guztiontzako gomendioei jarraiki arropak aldatzea, garbitasuna eta higiene pertsonala alde batera ez uztea; ez isolatzea eta komunikazioa izaten saiatzea telefonoz eta bideodeien bidez, harreman sozialak mantetzea oso garrantzitsua baita denontzat, eta gaixo hauentzat are gehiago; eta, ariketa fisikoa egitea etxean, besteak beste».
«Erronka zaila eta gogorra izan da lan egiteko modua goitik behera aldatu behar izan» dutelako. Hala izanda ere, «distantziatik, hurbil egoten saiatu» dira. Baina onartzen du, «aurrez aurre ez egotekoak, bidean informazio asko galarazten» duela, «komunikazioa, ez delako bakarrik hitzezkoa». Komunikazioa «mugimenduak, aurpegiko espresioa, eta beste gauza batzuk ere badira», eta hori guztia, «telefonoz hitz eginda, bidean galtzen da eta zaila da hortaz konturatzea». Diazek nabarmendu du «hori guztia faltan bota» duela.
Kanpoan gelditu dira
Alarma egoera indarrean sartu zenetik, «Errege Dekretuak Alzheimerra duten pertsonak kanpoan utzi ditu», eta azpimarratu du, horrek, «egoera konplexuak sortu» dituela. Legeak, «jokaera edo portaera nahasteak edo menpekotasuna dutenak kalera ateratzen utzi ditu, baina alzheimerra duten pertsonak, non gelditzen dira?».
Kasu batzuetan «oso zaila izan da kalera ez ateratzeko gaixoak konbentzitzea, eta senitartekoei eman zaien gomendioa izan da, azterketa medikuak eskuan udaltzaingora jotzea, isunik ez jasotzeko eta bestelako arazorik ere ez izateko».
Bestalde, deseskalatze fasea hasita, eta kontuan izanda al-zheimerra duten pertsonak aldaketak barneratzeko zailtasun gehiago dutela, «normaltasun berrira bueltatzeko, kasu bakoitzean gaixoaren beharretara egokitzen den erritmora jartzea» gomendatu du.
Bestalde gogoratu du, «datorren astetik aurrera, Gipuzkoa osoko senitartekoei arreta presentziala Donostiako egoitzan ematen hasiko» direla. Azken hitzak, koronabirusak eraginda hil diren pertsonen senitartekoei eta lagunei eskaini nahi izan dizkie Diazek. «Une gogor hauetan, Afagi elkartetik elkartasuna adierazi eta doluminak eman nahi dizkiegu».