Goierri hirugarren fasean sartuko da astelehenean
Hego Euskal Herri osoak egin du aurrera, baina EAEra eta Nafarroara mugatu dituzte lurralde unitateak eta ezingo da batetik bestera pasa
Goierri hirugarren fasera pasako da astelehenean, Hego Euskal Herri osoarekin batera. Osasun egoera hobera doa eta normaltasun berrirako bidea amaitzen ari da. Hirugarren fasea azkena izango da: ekainaren 21ean amaituko da, eta berarekin alarma egoera.
Eusko Jaurlaritzak hirugarren fasean eskumen guztiak berreskuratuko ditu, eta kudeaketa Iñigo Urkullu lehendakariaren esku geldituko da. Berak erabaki du lurralde unitatea Euskal Autonomi Erkidegoa izango dela eta ez probintziak. Hartara, Goierriko biztanleek EAE osoan mugitzeko eskubidea izango dute edozein unetan eta edozergatik. Halere, Madrilek ez du Urkulluk Euskal Herri osoan mugitzeko eskaria onartu, eta ezingo da Goierritik Nafarroara eta Iparraldera bidaiatu eta alderantziz.
Gainerakoan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ez dira Madrildik hartutako erabakien egokitzapenak jaso. Espainiako Aldizkari Ofizialaren arabera, hirugarren faseko berritasunak hauek dira:
- Edozein tamainako txikizkako salmenta guneak ireki daitezke, betiere, edukieraren erdira.
- Merkataritza guneen zona komunak erabili daitezke, betiere, edukieraren erdira.
- Barran kontsumitu ahalko da, betiere, bezeroen artean bi metroko distantzia mantentzen bada. Arantxa Tapia sailburuak gaineratu du tabernen edukiera ez dela murriztuko.
- Diskotekek eta gaueko tabernek ateak irekitzeko baimena izango dute, betiere, edukiera herenera mugatuta. Dantzalekua badu, bertan mahaiak jar daitezke baina ezin da dantzarik egin.
- Musoetan eta liburutegietan jarduera kulturalak egin daitezke.
- Kirol liga ez profesionalak baina federatuak has daitezke eta kirol ekintzak burutu.
- Apustu etxeek irekitzeko baimena dute, betiere, edukieraren erdira.
- Haur eta gazteei bideratutako aire libreko jarduerak egin daitezke, betiere, pilaketak ekidinda.