Beasaingo udaleku irekietan izena eman daiteke
Beasaingo Udalak Txilibutxof aisialdi taldearekin eta ikastetxeetako guraso elkarteekin elkarlanean antolatu dituzte euskarazko udalekuak. Ekainaren 11n amaituko da izena emateko epea.
“Euskararen jakintza eta erabilera aisiarekin lotuta bultzatzea” helburu duten udalekuak egingo dituzte aurten Beasainen, ekainaren 22tik uztailaren 31ra. Beasaingo Udalak, “bizi dugun egoera berezi honek baldintzatuta osasun eta segurtasun neurriak kontuan izanda antolatu ditu udaleku irekiak Txilibutxof elkartea eta herriko ikastetxeetako guraso elkarteen laguntzarekin”.
Udaleku ireki formatuan eskainiko dute zerbitzua astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara, Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urteko haurrentzat eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (1etik 6. mailara). Udalekuak bina asteko 3 txanda izango ditu.
- 1. txanda: Ekainaren 22tik uztailaren 3ra.
- 2. txanda: Uztailaren 6tik uztailaren 17ra.
- 3. txanda: Uztailaren 20tik uztailaren 31.
Kopuru mugatuak
Txanda bakoitzeko haur kopurua mugatua izango da. Ekainaren 11n, osteguna, itxiko da izena emateko epea. Haur bakoitzak nahi adina txanda aukeratu ditzake. “Izena ematean galdetegi bat bete beharko da. Galdetegi hau Txilibutxofen web orrian egongo da ekainaren 8tik aurrera. Galdetegia bete ondoren, erantzun-mezu bat bidaliko da datuak jaso direla jakinaraziz eta ordainketa egiteko jarraibideekin. Izen ematea behin betikoa izango da ordainketa egin ostean. Ordainketa egiteko azken eguna Ekainaren 12a izango da (12a barne)”.
Haur Hezkuntzako umeen kuota txanda bakoitzeko 80 eurokoa izango da. Lehen Hezkuntzakoena aldiz, 100 euro. “Familia ugaria izanez gero, Haur Hezkuntzako haur bakoitzak 70 euro ordainduko ditu txanda bakoitzeko eta Lehen Hezkuntzakoek 90 euro”.
Osasun sailak agindutako babes neurriak bermatuko dira
Ez ohiko egoera honetan Osasun Sailak emandako gomendioak jarraituko dira:
- 10 haurrez osatutako taldeak banatuko dira eta taldeak ez dira elkarren artean nahastuko. Talde bakoitzari espazio itxi bat egokituko zaio eta beti gune hori erabiliko dute. Erabiliko diren espazioak Txilibutxofen egoitza Urbieta etxean, Loinazko San Martin plaza azpian dagoen hizkuntza errefortzurako aretoa eta ikastetxeetako guneak izango dira.
- Eskuak garbituko dira.
- Musukoak erabiliko dira segurtasun distantziak bermatu ezin direnean.
- Ahal den heinean, eguraldia lagun aire zabaleko ekintzak egingo dira.
Informazio edo argibideetarako idatzi helbide honetara txilibutxof@gmail.com