Mugikortasun handiagoarekin eta ostalaritzan edukiera mugarik gabe
Konfinamendua arintzeko hirugarren fasea atzotik dago indarrean eta neurriak arindu egin dira. Gipuzkoatik Euskal Autonomia Erkidegora zabaldu dira mugikortasun mugak; ostalaritzan, berriz, edukierak kendu edo malgutu egin dira
Goierri hirugarren fasean sartu zen atzo eta eskualde osoa normaltasun berriaren atarian dago. Hiru aste bete dira kasu berririk atzeman gabe eta segurtasun neurriak arindu egin dira. Goierritarrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ibiltzeko aukera dute, edozein ordutan eta edozein arrazoigatik. Halaber, EAEko edozein herritarrek bidaiatu dezake Goierrira. Halere, Madrilek ez du onartu Nafarroara eta Ipar Euskal Herrira joan ahal izateko Urkullu lehendakariak egindako eskaria.
Garraio publikoak maiztasunaren eta edukieraren edukieraren ehuneko ehuna berreskuratu du. Eserleku guztiak erabilgarri daude, nahiz eta aukera dagoenen eserlekuak txandakatzea gomendatzen duten arduradunek. Zutik joateko aukera dagoen garraio publikoetan tente ere bidaiatu daiteke baina, betiere, bi metroko tarteak errespetatuz; bederatzi lagun arteko ibilgailu pribatuetan, kide denak etxebizitza bereko bizilagunak baldin badira, eserleku guztiak okupatzeko aukera dute. Aldiz, ez badira bizikideak, ilara bakoitzean bi lagun joan ahalko dira, ahalik eta tarte zabalenarekin. Era guztietako garraioetan musukoa erabili behar da, etxe bereko kideak edo kasko integrala izan ezean.
Haurtzaindegiak eta hiru arte arteko haur eskolak zabaltzeko aukera dago hirugarren fasean, edukieraren %60ra. Goierriko haur eskola pribatu gehienak datozen egunetan zabalduko dira. Haur eta gazteentzako aisialdi jarduerak ere berrekin daitezke, betiere, hamabost laguneko taldeetan asko jota. Neurriok kontziliazioa errazteko asmoarekin hartu dituzte agintariek.
Museoek, aretoek, antzokiek, zinema aretoek, liburutegiek… zabaltzeko aukera dute. Edukiera %60ra mugatu da eta erabili daitezken eserlekuak aurrez mugatuta egon behar dira. Edukiera mugaren barnean badago, aire libreko kultur jardueretan mila lagun elkartu daitezke gehienez eta, eremua itxia bada, laurogei lagun. Liburutegien kasuen, bertan irakurri ahalko da. Mailegatutako liburuak itzulitakoan astebetez ez dira erabilgarri egongo eta liburutegien arteko mailegu zerbitzua ere ez dago erabilgarri.
Kiroldegiek eta igerilekuak zabaltzeko aukera dute. Edukiera %60ra mugatu dute, baina aldagelak eta dutxak erabili ahalko dira. Orokorrean, edukiera arazoak ekiditeko, aurrez hitzordua eskatu behar da. Kirol talde federatuak entrenatzen has daitezke. Halere, pertsonen artean bi metroko tartea egon behar da beti eta gainerako segurtasun neurriak errespetatu behar dira.
Barrara hurbildu daiteke
Ostalaritza establezimenduetan, jatetxeetan eta elkarte gastronomikoetan edukiera murrizketak desagertu egin dira. Nahikoa izango da bi metroko distantzia mantentzea. Era berean, barran kontsumitzeko aukera zabaldu da. Aldiz, nahiz eta Espainiako Aldizkari Ofizialak oniritzia eman, Eusko Jaurlaritzak debekatu egin du diskotekek eta gaueko tabernek irekitzea. Udal bakoitzaren eskumena da tabernen itxiera ordua zehaztea, baina ordutegi mugarik ez dagoenez nahi adina luzatu dezakete.
Bilerak 20 lagunekoak ere izan daitezke eta edozein eremutan: aire librean zein eremu itxietan, hala nola, etxean, lokal pribatuetan eta publikoetan, elkarteetan… Partaide bakoitzaren artean bi metroko distantzia mantendu behar da.
Hirugarren fasea
JASOTAKO NEURRIAK
· Mugikortasuna: Herritarrak mugarik gabe mugitu ahal izango dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
· Bilkurak: Gehienez ere hogei laguneko bilerak egin daitezke.
· Merkataritza: Merkataritza-establezimenduen gehieneko edukiera %60koa izango da, eta edukiera hori errespetatu egin beharko da espazio komunetan eta jolasespazioetan ere.
· Ostalaritza: Ostalaritza establezimenduetan, jatetxeetan eta elkarte gastronomikoetan edukiera-muga kentzen da, baldin eta mahaimultzoen artean bi metroko tartea bermatzen bada.
· Diskotekak: Itxita egongo dira diskotekak eta gaueko aisialdiko tabernak.
· Haurtzaindegiak: Baimena ematen da haurtzaindegiak eta 3 urte arteko haurrentzako haur-eskolak zabaltzeko.
· Aisialdia: Berriro ekin ahal izango zaie haurrentzako eta gazteentzako astialdiko jarduerei.
· Garraio publikoa: Garraio publikoaren maiztasun eta edukiera %100ean berreskuratu ahal izango da, baina bidaiariek maskara jarri beharko dute nahi eta nahi ez ibilbide osoan.
· Kultur guneak: Kultur guneen baimendutako edukiera %60koa izango da. Leku itxietan laurogei lagun sartuko dira gehienez eta, irekietan, mila.
· Liburutegiak: Liburutegietan baimenduta egongo da mailegatzea, kontsultak egitea, han bertan irakurtzen gelditzea eta ikastea.
· Arte eszenikoak: Aktoreen arteko interakzioa onartuta dago.
· Kirola: Kirol-instalazioetan, igerilekuak barnean direla, baimendutako edukieraren % 60 izango da gehienez edukiera. Aldagelak eta dutxak erabili ahal izango dira.
· Entrenamenduak: Baimena ematen da taldean entrenatzeko, babes-arauak bete eta pertsonen artean bi metroko gutxieneko tartea utziz gero.